Paxaka txapelketako finala otsailaren 19an jokatuko da Iruritan

TTIPI TTAPA 2011ko otsailaren 15a

Hamekagarren paxaka txapelketa ere azkenera ailegatu da. Artxiboko argazkia

Irurita E eta Irurita G ariko dira txapelaren bila, larunbatean 18:00etan Aranabian

Baztan-Errekako XI. paxaka txapelketako finaleko protagonista zein izanen diren erabaki da larunbat honetan, Iruritako Aranabia pilotalekuan jokatu ziren finalerdietan. Aurtengoan zortzi hirukoteetatik sei Iruritakoak ziren (Doneztebe eta Oizek bana aurkeztu dute) eta finalerdietan lauak herrikoak ziren. Beraz, finalistak Iruritakoak izanen zirela jakinik, zein izanen ziren jakitea falta zen.

Hala, lehenbiziko finalerdi estuan, Irurita Ek (Miguel Garate, Joseba Urtasun eta Cesar Sarratea) 9 eta 8 irabazi zion Irurita Dri (Mikel Ballarena, Xabier Barberena eta Miguel Bidegain). Bigarren finalerdia ere ikusgarria suertatu zen eta Irurita Gk (Jesus Etxenike, Oskar Urrutia eta Karlos Garaikoetxea) 9 ea 6 irabazi zion Irurita Bri (Xabier Bazterrika, Iñaki Zabaleta eta Mitxel Etxenike).

 

Finala eta hirugarren posturako lehia otsailaren 19an

Gauzak honela, otsailaren 19an, larunbatean jokatuko dira txapelketa honetako hondar partidak Iruritako Aranabia pilotalekuan. 17:00etan hirugarren postua eskuratzeko lehia izanen dute Irurita D eta Irurita Bk eta segidan, 18:00etan, finala jokatuko dute Irurita E eta Irurita Gk.

Txapelak eta sariak banatu ondotik, 21:00etan afaria izanen da Iruritako Olari jatetxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun