«Erremontean abiadura handia da eta ‘engantxatzen’ duen kirola da»

Aitor AROTZENA 2011ko otsailaren 2a

Gorka Urtasunek dagoeneko hiru txapel jantzi ditu erremonte profesionalean. www.erremontefundazioa.org

Duela bi urte jantzi zuen lehen aldiz erremontea eta 2009ko uztailaren 12an debuta egin zuen profesionaletan. Urte terdi honetan dagoeneko hiru txapel jantzi ditu, azkenekoa frontoi laburreko Martiko txapelketa, finalean Iñaki Lizasori irabazita. Lehendik, esku pilotan afizionatuetan hogei bat txapel lortu zituen, baina onartzen du bere kirolik kuttunena laxoa dela: «Bi aldiz bakarrik parte hartu dut laxoa txapelketan, baina txapel bat lortu nuen anaiarekin batera, Doneztebe A talde handiari irabazita», dio.

 

EZKURRA IDOLOA

«Ezkurra izan da, dudarik gabe, erremonteak eman duen pilotaririk handiena. Urteetan aintzinera joan arren gustoa ematen du Koteto kantxan ikustea eta gauzak zeinen erraz eta polit egiten dituen ikustea. Baita ere hor daude, Lizaso, Zebe­rio, Urrutia... bezalako pilotari handiak, be­raz, gazteok badugu non ikusi eta ikasi».

 

Ttikitan hasi eta 22 urte egin arte esku pilotan aritu zen Gorka Urtasun, 1986ko maiatzaren 11n sortutako iruritarra. Laxo­an ere, «gehien maite dudan modalitatea, betidanik bizi izan dudalako etxe­an, herrian…» pare bat txapelketetan aritu zen eta bat irabaztea ere lortu zuen. Baina esku pilotan «dena eman nuenaren sentsazioa nuen –dio Urtasunek–, eta afizionatu mailan nibel arras onean aritu arren, profesionaletara jauzia emateko pausoa zaila zegoen,hortaz, erremontera jauzia ematea erabaki nuen». Laxoak ere baditu antzekotasunak erremontearekin eta jendeak animatuta eman zuen urratsa, «eta badirudi oraingoz asmatu dudala». Izan ere, uste baino lehenago tokia egiten ari da partida nagusietan: «Ea horrela segitzen duten. Aurten lortu dut le­hen­dabiziko aldiz binakako txapelketan parte hartzea. Finaletik partidu batera geratu ginen San Miguel eta biok eta momentuan pena haundia izan arren, orain pozik nago nere lehenda­bi­ziko partaidetzan finalerdietara iristeagatik. Aintzinera begira, ditudan gabeziak hobetzea eta gora egitea da helbu­rua». Gabezia horiek zein diren galdetzerakoan, hobetu beharreko gauza aunitz dituela eran­tzun digu, «urte terdi profesionaletan, eta 2 urte pasa bertzerik ez ditut erremontea lehenengo aldiz hartu nuenetik, hortaz pentsa zenbat gauza ditudan hobetzeko, azken finean, berria naiz honetan». Ezaugarri onak, berriz, nahiago du bertzeek definitzea, baina «zerbait erratekotan, pilotaren bila aurrera joatea gustatzen zait tantua bukatzeko, eta horretan nahiko ongi moldatzen naizela uste dut».

 

Hiru txapel urte terdian

Urte terdi honetan ederki osatu du bere palmaresa Iruritakoak. Nafarroako frontoi motzeko txapela lortu zuen Etxeberria III.enarekin eta Bergara hiria torneoa Lizasorekin. Nafarroako frontoi motzeko azpitxapelketa bat ere lortu zuen Urrutiarekin. «Orain, bakarkako lehen txapela lortu dut, frontoi laburreko Martiko txapelketa, Lizasori irabazita gainera! Hauxe da nire palamaresa oraingoz erremonte munduan», dio.

Aldaketa garaian sartu da erremonte profesionalean iruritarra eta kirolak hobera egin duela ez dauka dudarik: «Hasieran frontoira ohitzea kostatu zitzaigun, baina poliki-poliki egin gara zola, frontis, eta berrikun­tza guztietara. Egoera ez da erreza, baina gaur egun inor ez dago salbu “krisi” edo dena delako honengatik. Erremonteko familia guztiak ilusioa dugu lanean segi eta sortu berri den proiektu hau aintzinerat ateratzeko».

Enpresaritzan diplomatua izanik, erremontea eta lana bateratzeko ez du arazorik eta aholkularitza enpresa batean lanean ari da Burlatan, baita Baztango ber­tso eskolan ere: «Ber­tsolari ez, bertsozale amorratua naizela erranen nuke. Duela pare bat urte Baztango bertso eskola sortu zenean izena eman nuen eta arras gustora gabiltza elkartzen garen 10 lagun inguru».

Pilotara bueltatuz, Urtasunek pilotazale gazteak animatu nahi ditu erremontean jokatzera probatzera, «abiadura bizian jokatzen, eta “engantxatzen” duen kirola delako. Esku pilotaz aparte, modalitate aski po­lit aunitz daude, eta nes­ka eta mutil gazteak animatu nahi nituzke edo­zein probatzera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun