Elizondoko Medikuaren Etxea gizarte laguntza eskaintzen duten elkarteendako egoitza bihurtuko da etorkizunean eta horretarako 35.000 euro bideratuko ditu Udalak. Egoitzaren bi solairutan Bidelagun elkartea, guttitu fisiko eta psikikoei laguntza eskaintzen dien Anfas elkartea eta ahalmen urritasun fisikoa eta organikoa duten pertsonak biltzen dituen Cocemfe kokatzea da helburua.
Harrera Etxea
Abenduaren 31z geroztik, itxita dago Bidelagunek azken hiru urteotan kudeatu duen Harrera Etxea. Egoera larrian edo etxebizitzarik gabe zeudenei aukera ematen zien Harrera Etxeak, boluntarioen laguntzarekin. Baina diru falta dela eta, itxi egin behar izan dute. «Erdira jautsi zaizkigu diru sarrerak», adierazi dute Bidelagunetik. Halere, badute proiektuarekin segitzeko asmoa. Iruritan Sagues Fundazioak beharrean zeudenei laguntzeko eraiki zituen etxeetatik bi hutsik daude, eta Bidelagunek horren kudeaketa bere esku gelditzea nahi du, «beharrean dagoen jendeari laguntzeko». Erantzunaren zain daude.