200 lagun baino gehiagok parte hartu zuten urtarrilaren 22an, ELA, LAB eta EHNE sindikatuek Baztanen bizi, bertan lan egin lelopean Elizondon deitutako manifestazioan. Baztan-Bidasoko lan egoera moldatzeko eta lan eta pentsioen erreformen kontrako oihuak aditu ziren.
Sindikatuetako ordezkarien hitzetan, «langabezia tasa bikoiztu egin da eskualdean, EREan dauden 2.000 langileak kontuan hartu gabe». Egun 1.140 lagun daude Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emanak, duela urtebete baino %8,3 gehiago. Gisa berean, sindikatu hauen ustez, «susmagarria da Nafarroan aurkeztu diren EREen %99 Nafarroako Gobernuak onartzea, akordio sindikalik egon ala ez egon». Nekazaritza sektorearen krisia ere larria dela gogorarazi zuen EHNEk: «prezioak finkatzeko gaitasuna galdu duelako nekazariak. Nekazaritzaren izenean dirua porlanean xahutu edo lagunen artean banatu du Sanzek».