Aldeko eta kontrako iritziak sortu dituzte Baztango ordenantza berriek

Gurutze PIKABEA 2011ko otsailaren 1a

Urtarrilaren 3an egindako bilkuran onartu zituen ordenantza berriak Batzar Nagusiak. Alicia del Castillo

Herrilurren gaian balorazio positiboa egin dute gehienek, baina antolakuntza administratiboaren aferan ez datoz bat guztiak

Bi urteko lanaren ondotik, 1967tik uki­tu gabeko ordenantzak berritu di­tu­z­­te Bazta­nen. Baztango antola­kun­­tza admi­nistratiboaren eta herrilurren eskumenak zehazten dira or­de­nantzetan, eta bigarren puntu hori da desadostasun haundienak sortu dituena. Nafarroako Aldizkari Ofizia­lean joan den astean argitaratu ziren, eta beraz, indarrean daude.

 

Udalerri bakarra, baina 15 herri. Berezia da Baz­tan. 15 herrietan dituen 8.000 biztanletik goitik udalerri bakarra osa­tzen dute eta antola­kun­tza administratiboari eta lurraldearen kudeaketari dagokienez, berez­ko hainbat ezaugarri ditu Nafarroako gainerako udale­rrietatik desberdin­tzen dutenak. Tradiziona­la da an­tolaketa, uni­ber­t­si­tate araubidekoa (erdal izen ofiziala Noble Va­lle y Universidad de Baz­tan da) eta Nafarroako Toki Admi­nistrazioaren Araubideari buruzko uz­tai­laren 2ko 6/1990 Foru Legearen 9. artikuluak hala aitor­tzen du: Udalak, Ba­­tzar Nagusiak eta 15 he­­rrie­tako batzarreek osa­tzen dute Baztango an­­to­lakun­tza administratiboa.

Ordenantzak, berriz, herrilurren erabilera eta aprobetxamendua arau­tzeko tresna juridikoak dira, baina adminis­trazio organoen ahalmenak zehazteko ere badira: he­rrietako al­ka­teen esku­me­nak, batza­rreak, Ba­tzar Nagusiak, auzolanak, kontribuzioak... Hain zuzen, urte hasieraz geroz­tik, or­denan­tza be­rriak dituzte Baztanen.

2008an abiatu zen 1967tik ukitu gabe zeuden Ordenantza, Zerga eta Paramentuak berri­tzeko prozesua. Hasiera­ko ordenantzak 1603an egin ziren, baina lehendik ere baziren antolaketa administratiboa eta herrilurren kudeaketa, erabilera eta aprobetxa­menduak gidatzen zituz­ten arauak. Eguneratzea izan da ordenantzak be­rritzearen helburu nagusia, baina ez bakarra: Ba­tzar Nagusiaren papera indartu eta honen egitekoak zehaztu, he­rritarrei erabilera komunalei buruzko beharretan eran­tzun eraginko­rragoa eman, ba­tza­rreen fun­tzio­­namendua erregulatu eta hobe­tu, auzolanen ga­rran­tzia azpimarratu, he­rritarren parte-hartzea bul­tzatu... Horiek ere zehaztu ziren helburu gisa. Eguneratzeko batzorde berezia eratu zen udal ordez­kariekin, herrietako alkate batzuekin, batzarkideekin, baso­zain eta aholkulari­tza­rekin.

2009ko urrian ordenantzen hasierako zirriborroa onartu ondotik, alegazioen epea etorri zen. 264 alegazio aurkez­tu ziren eta horietatik 192 ontzat eman. Behin horiek aztertuta, urta­rri­laren 3an onartu zituen Batzar Nagusiak orde­nan­tza berriak, isilpeko bozketan aldeko 21 boto eta kontrako 9 hartuta.

Eguneratu berri diren ordenantzetan hainbat atal zehaztu dira: komunalen aferak, erraterako. Eta hein haundi batean, behintzat, gehienek herri­lurren inguruan egin den berrikuntzaren balorazio positiboa egin dute. Desadostasun haundiena sortu duten puntuak antolakuntza administratiboari buruzkoak dira, batzuen­tzat Batzar Nagu­sia eta herrietako alka­teen eskumenak sendotu gabe gelditu direlako.

 

Alderdi politikoak eta alkateak

Virginia Aleman Baz­tango alkateak «egindako lana, es­for­tzua eta pro­ze­­suan parte har­tu duten­ guztiek dedi­katu duten denbora posi­tiboki baloratu» du, «baita antolake­ta administra­tiboaren alo­rrean eta komunalen ku­dea­ketan lortu den emai­tza ere. Guz­tion artean as­palditik zin­tzilik zegoen lan bat akitzeko gai izan gara, eta 1983, 1993 eta 2002an or­de­nan­­tzak osatu eta egune­ra­­tzeko egin ziren saiake­rekin aki­tzeko ere bai. He­men­dik aitzi­nera, benetako erron­ka ordenan­tza berriak aplikatzea izanen da, Baz­ta­ngo antolaketarekin bat eto­rriz eta interes par­tiku­larren gainetik interes generala defendatuz. Hala izatea espero eta desio dut».

Leopoldo Jaen UPN­ko zinegotziak ere «posi­tiboki» baloratu ditu orde­nantzak berriak, «konpletoak» direla erranez. «Bilera aunitz egin dira, egun aunitz pasatu ditugu lanean, eztabaidatu egin dira eta araudi berria onartuta pauso haundia eman da». Bere hitzetan, ordenantzak «zaharkituak» zeuden eta bazegoen berritzeko beharra. «Hobetu daitezkeela» ere onartu digu, baina hori «denborarekin» eginen delakoan dago. Ordenantza «irekiak» izateak horretarako aukera ematen baitu bere ustez. «Lanean segitu beharko dela» ere aipatu digu.

Ezker Abertzaleko Ju­len Mitxeltorenak salatu duenez, 6/1990 Foru Legeak Baz­tani ematen dizkion eskumenak «ez dituzte ba­tzar­kidee­kin konpartitu UPNk eta NaBaik, bo­ron­date faltagatik». Komuna­lari buruz­ko ordenantzak «gaurkotu» direla iritzi dio, baina bertze pro­po­­­­samenak «baztertu» dire­la. Bere ustez, «han­ka­motz gelditu­ dira udal au­­rrekontu eta plan orokorrak Ba­tzar Nagusiak onartzeko planteamendua, Batzar Na­gu­­­­siaren eskumenen edo herri galdeketen artikula­zioa, eta euskara, hez­kun­­tza, osasuna, sozioekonomia edota he­­­rri­ta­rren parte­har­­tzeari buruz­ko adierazpenak... Hiru or­ganoen artean dau­de Batzar Nagusia eta he­rrie­­tako alkateak, baina sinbolikoak dira eta ahalmenik gabe gelditu dira».

Luis Roldan Almandozko alkateak ba­lo­ra­zio «arras positiboa» egin digu eta horre­ga­tik eman zuen Batzar Nagusian aldeko botoa. Hobetu daitezkeen gauzak badirela aitortu digu, baina bere irudiko, «legea da noraino hobe dezakegun markatzen duena. Gauza aunitz atera dira, baina Iruñean ez onar­tzeko arris­kua hor ze­goen». Gaineratu digu­nez, «ez dago guztiz itxi­ta eta esperien­tziak eta bizitzak edo Baztanen garapenak hobetzen joateko aukera emanen du».

Juan Kruz Iriarte Ariz­­­kungo alkatearen hi­tze­tan, «komunalen aferan egin den lana nahiko dezentea da, baina orain­dik gauza gehiago ere egin behar dira». Halere, Batzar Nagusia eta he­rrie­tako alkateek «arras motz segi­tzen» dutelakoan dago, «motz­ eskumenetan eta he­rriaren alde gauzak egiteko aukerarik gabe», dio. «Esku­me­nak Udalaren esku daude eta sosa ere bai. Ba­tzar Nagusiak komunala defendatzen ahal du, baina herrietan gauzak egite­ko, he­rrietako al­­kateok ez dugu aukera­rik». Orde­nantzen bozketan, aurka bozkatu zuen.

Xabi Torres Elizondoko alkateak batza­rrean erabakitakoa boz­ka­­­­tu zuen Batzar Nagusian: aurka. Adierazi digu­nez, «herrilurrak kudea­tze­ko gaia aunitz jo­rra­tu da, eta emaitza be­ha­rrez­koa zen araudi be­rri­tu bat da». Baina an­to­lakun­tza adminis­tra­ti­boaren gaia «gehiago jo­­rratu beharra dagoela» uste du, «doku­mentu hau udal kudeake­tan parte-hartzea indar­tzeko tresna baliogarria izatea nahi badugu, eta Ba­tzar Na­gu­sia, herrieta­ko alkateak eta batzarreak sendotu nahi ba­ditu­gu behin­tzat­». Antolaketa ad­mi­­nis­tratiboa­ren tituluko «alegazioak eta or­denan­tzak berrikusi eta bertako ins­tituzioen arte­ko ha­rre­manak garatu behar direla», dio: «orde­nan­­tzak berri­tze­ko proze­sua orduan osatuko da».

Peio Obregozo Iruri­ta­ko alkateak «ez da nahi genuen bezala izan», azaldu digu: «komunalen aldetik arras ongi egin da berritze lana. Zaharkituak zeuden, hainber­tze aka­tsekin. Baina ber­tze­tik, alkateek indar gehiago hartzea nahi zen, edo au­rrekontuak denen artean adostea, baina zine­go­­tzie­kin egin dugu topo, eta ez zuten boronda­terik. Ho­riek­ eta ber­tze hainbat puntu zin­tzilik gelditu dira. Baina es­pero du­gu den­­bo­rare­kin hobe­tzea». Iruritako he­rriak hala era­ba­kita, Obre­go­zok orde­nan­­tza be­rrien­ aldeko botoa eman zuen.

 

ALDEKO BOTOA

«Ordenantzak ez dau­de itxita eta es­perien­tziak hobetze­ko­ aukera emanen du»

Luis ROLDAN Almandozko alkatea

 

KONTRAKO BOTOA

«Batzar Nagusiak eta herrietako alkateek arras motz segitzen dugu eskumenetan»

Juan Kruz IRIARTE Arizkungo alkatea

 

KONTRAKO BOTOA

«Antolakuntza administratiboaren gaia gehiago jorratu beharra dago»

Xabi TORRES Elizondoko alkatea

 

ALDEKO BOTOA

«Komunaletan arras ongi egin da lana. Bertze hainbat puntu zintzilik gelditu dira»

Peio OBREGOZO Iruritako alkatea

 

EGINDAKOAREKIN POZIK

«Guztion artean aspalditik zintzilik zegoen lan bat akitzeko gai izan gara»

Virginia ALEMAN Baztango alkatea (NaBai)

 

BALORAZIO POSITIBOA

«Lan haundia egin da eta araudi berria onartuta pauso haundia eman da»

Leopoldo JAEN Baztango UPNko zinegotzia

 

PROZESUA «HANKAMOTZ»

«Legeak ematen di­tuen eskumenak ez dituz­te batzarkideekin konpartitu UPNk eta NaBaik»

Julen MITXELTORENA Baztango Ezker Abertzalea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun