Aurten lehen aldiz, Nafarroako Landa Eremuko Eskola Ttikien Jardunaldiak egin dira ilbeltzaren 29an, Lekarozko Institutuan. Hasieran, Irakasle Laguntza Zentroan egitekoak ziren ekitaldiak, baina tailerretan parte hartzeko ehun lagunek baino gehiagok izena eman dutenez, Institutuan egin behar izan dituzte ekitaldiak.
Landa eremuko eskolak ezagutaraztea izan da jardunaldien helburua, beraien izaera, antolaketa eta lana, hain zuzen. Aldi berean, eskolen arteko elkarlanaren berri eman da eta emanen diren hurrengo pausoak finkatu. Maisu-maistren arteko elkarlanerako zubiak eraikitzeko ere baliatu dira jardunaldiak, eta eskola bakoitzaren lana bertzeekin konpartitzeko ere bai. Jardunaldiak koordinatu dituen Eneko Fernandezen erranetan, “lehen balorazioa hagitz positiboa izan da. Nafarroa osoan landa eremuko 70 eskola baino gehiago daude, 11 eremutan banatuak eta larunbatean Baztan-Bidasoaldekoak ez ezik, Pirinoetakoak, Lizarraldekoak edo Sakanakoak izan dira Lekarozen”.
Goizeko 10:00etan harrera egin zitzaien partehartzaileei. Landa eremuko eskolen web orri berriaren aurkezpena ere egin zen eta gero tailerren txanda izan zen. Txanda bakoitzean tailer batera joateko aukera zegoen eta lau esperientzia ezberdin ezagutzeko aukera.
Alde batetik, Igantziko eskolako Emozio hezkuntza Berrikuntza Proiektua ezagutzeko modua izan zen. Urdazubi-Zugarramurdiko eskolako, Kulturgintza egitasmoaren berri eman zen. Garralda eta Auritzberriko eskolek Zientzia eskolan proiektua aurkeztu zuten eta Lizarraldeko eskolek Gure inguruko ipuin eta kondairak proiektua azaldu zuten. Esperientzia bat baino gehiago ezagutu ahal izateko, bi txandatan eman zen egitasmo hauen berri.
Osoko bilera eta ebaluaketa egin ondotik Iruritako Olari jatetxean egindako bazkariarekin akitu ziren Nafarroako landa eremuko eskolen lehen jardunaldi hauek.