Otsailaren 1ean, astearte goizeko 07:00etan istripu larria gertatu da N-121-B errepideko 49. Kilometroan, Gartzaingo Etxerri auzo inguruan. Bi autok elkar jo dute eta horietako bat errepidetik atera da, Nafarroako Larrialdi Agentziatik jakinarazi dutenez. Oronozko suhiltzaileak, bi anbulantzia, horietako bat medikalizatua, Elizondoko Osasun Zentruko mediku-taldea eta Foruzaingoa joan dira istripuaren lekura. Suhiltzaileek atera behar izan dute emakumea autotik eta gero anbulantzian eraman dute Iruñera, ospitalean ingresatzeko.
38 urteko emakume lesakarra, I.V.C.M. inizialak dituena larri zauritu dela jakinarazi dute goizean, kaskezurko traumatismoarekin eta bularraldea kolpatua duela. Halere, Iruñeko ospitalean artatu ondotik bere egoera ez dela hain larria jakinarazi dute. Bertze autoko gidaria zauririk gabe atera dute eta ez dute ospitalera eraman beharrik izan.