Javier Caballero Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordeak eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak Elizondoko Foruzaingoaren polizia-etxeko lehen harria jartzeko ekitaldian parte hartu du urtarrilaren 27an, ortzegun eguerdian. Lan hori Nafarroa 2012 Planean lehentasunezko jardun moduan ageri da. 909.500 euroko inbertsioa eginen da eta aurreikuspenen arabera zortzi hilabete eta erdian gauzatuko da.
Ekitaldian parte hartu dute Virginia Aleman Baztango alkateak, Juan Ramón Rábade Barne zuzendari nagusiak, inguruko hainbat alkatek eta zinegotzik eta Foruzaingoaren eta Guardia Zibilaren agintariek. Elizondoko polizia-etxeak gaur egun 38 agente ditu eta inguruko 27 udalerriri zerbitzua ematen die, hau da, 26.000 biztanle ingururi.
Caballero presidenteordea kontent agertu da eraikin berriak Foruzaingoko agenteen "eraginkortasuna erraztuko duelako" inguru horretan. Horrez gain, kontseilariak azaldu duenez, ekipamendu hau eraiki da Foruzaingoaren jarduerak gorakada garrantzitsua izan duelako inguru horretan 2007. urtearen hasieran Santiago etorbidean gaur egungo polizia-etxea abian jarri zenetik. Bertzalde, Baztango alkateak proiektu hau erakundeen arteko beharrezko "lankidetza eta koordinazioaren" adibidea dela nabarmendu du, "herritar guztien ongizatea hobetze aldera".
Ia 700 metro koadro
Elizondoko polizia-etxe berria Udalak utzi duen lursail batean eraikiko da, Erabeta ingurua eta Menditurri kaleen artean. Lana joan den uztailean Iruña Construcciones enpresari esleitu zitzaion, aurkeztutako 8 enpresen artean puntuaziorik onena lortu zuelako.
Antonio Herce Lahoz arkitektoak diseinatutako polizia-etxea 4.582,87 metro koadroko lursailean kokatuko da. Eraikinaren azalera eraiki osoa 684,75 metro koadrokoa izanen da, eta horrekin batera, 598,27 metro koadroko aparkalekua izanen du. Eraikinak behe-solairu erdi-lurperatua, 458,52 metro koadrokoa, eta 228,23 metro koadroko lehen solairua izanen ditu. Behe-solairura aipatutako bi karriketatik sartu ahal izanen da, batez ere herritarrak artatzera bideratuta dago, eta horretarako bi bulego izanen ditu, 47 metro koadrokoak. Solairu horretan, atxilotuak kontrolatzeko inguruak (atxilotuen gelak eta erregistro-inguruak); bilera gela; gizonezkoen eta emakumezkoen aldagelak eta garajea ere izanen dira.
Lehenengo solairuan bulegoak eta barne erabilerarako gelak eginen dira. Autoak uzteko 22 plaza aparkaleku itxian (ibilgailu ofizialak), 10 plaza aparkaleku estalian (herritarrak) eta beste 15 aire zabalean izanen ditu. Herritarrak bertara oinez hurreratu ahal izanen dira. Egoitza Guardia Zibilaren kuarteletik hurbil eta herriko saihesbide berritik 100 metrora dago. Polizia-etxea Nafarroako Gobernuaren eta Baztango Udalaren artean 2009ko martxoan onetsitako lankidetza-hitzarmenaren emaitza da.
Jarduerari buruzko datuak
Elizondoko polizia-etxeko agenteek 2010ean 66 zigor argiketa izapidetu, 104 pertsona atxilotu eta 51 egozketa egin zituzten. 360 zigor salaketa eta 17 administrazio salaketa jaso eta 680 trafiko-salaketa egin zituzten. 38 administrazio-salaketa egin zituzten Armen Erregelamendua ez betetzeagatik eta bertze 60 salaketa bertze arlo batzuen inguruan. Joan den urtean Elizondoko agenteek 2.158 orduko patruilatzeak egin zituzten oinez. Horrez gain, 12.757 pertsona eta 10.684 ibilgailu identifikatu zituzten guztira.