640 kiloko lehen jardunaldia jokatuko da Euskadiko sokatira txapelketan

TTIPI TTAPA 2011ko urtarrilaren 21a

Amaiurrek 680 kilokoan aurkeztu zuen talde bera aurkez dezake 640koan ere. Artxiboko argazkia

Ezpeletan ariko da Amaiur larunbat arratsaldeko 18:00etatik aitzinera

Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketan 680 kiloko txapela erabaki ondotik, 640 kiloko lehen jardunaldia jokatuko da urtarrilaren 22an, larunbat arratsaldeko 18:00etatik aitzinera Ezpeletako Merkatu plaza ondoko kiroldegian.

Amaiurrekin batera bertze bederatzi talde ariko dira: Nafarrako Basaburua-Imotz, Txantrea eta Berriozar; Bizkaiko Abadiño faborito nagusia eta Sokarri, Lapurdiko Zuraide eta Ezpeletako Ñapurrak, Gipuzkoako Ibarra eta Asturiasko (Espainia) 6 Conceyos.

Bi multzotan lehiatuko dira eta talde bakoitzari dagokion multzoa erabakitzeko zozketa eginen da jardunaldi bakoitzean. Hori bai, multzo-buruak beti berdinak izanen dira, Abadiño lehenengo multzoan eta Ñapurrak bigarrenean (iazko txapeldun eta azpitxapelduna). Multzo bakoitzeko eguneko lehia akitu ondotik, multzo bakoitzeko lehenbizikoak, bigarrenak, hirugarrenak, laugarrenak eta bosgarrenak elkarren kontra ariko dira, sailkapena zehazteko.

Ezpeletan larunbatean eta urtarrilaren 29an Ibarran (Gipuzkoa) jokatuko diren bi jardunalditan erabakiko dira otsailaren 5ean Zeberion (Bizkaia) burutuko den finalerako sei finalistak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun