Berroetatik berriak

Arantxa ZELAIA 2011ko urtarrilaren 20a

Arantxa Zelaia

Abendu mugitua izan zen Berroetan. Alde batetik, abenduaren 11n, Gure Ame­tsa Elkartearen ekimenez, rantxera afaria antolatu zen. Han izan ziren Pantxo Balbuena mexikarra eta Aitor Ibarra Jalisko Bandeko kidea eta eurekin batera, jende aunitz bildu zen giro ederrean mexikanak kantatzeko eta dantzan aritzeko. Euska­raz ere zeozer badakiela erakutsi zuen mexikarrak. Lehendabiziko aldia izan zen, baina arrakasta ikusita seguruenik ez da azkena izanen. Bertze aldetik, laugarren urtez, sukaldaritza ikastaroa ere antolatu zuen Gure Ametsa Elkarteak. Eguberrietako hiru menu berri izenarekin, Donamariako Bentako Lorea Luzuriagak bere menuak erakutsi zituen eta bildu ziren hamar emakumeak arras kontent gelditu ziren ikasitakoarekin eta, nola ez, dastatu zutenarekin. Urtero bezala, honek ere, arrakasta haundia izan zuen eta heldu den urtean berriz egiteko gogoarekin gelditu ziren. Akitzeko, aipatu, Gure Ametsa Elkarteak udaberri aldera V. Asteburu Kulturala antolatuko duela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun