‘Baztanen bizi, bertan lan egin’ manifestazioa larunbatean Elizondon

TTIPI TTAPA 2011ko urtarrilaren 20a

Xabier Perez (ELA), Koldo Saenz (LAB) eta Bittoriano Jauregi (EHNE) mintzatu ziren urtarrilaren 12an manifestazioa deitzeko egindako prentsaurrekoan. Juan Mari Ondikol

Lur dantzalekutik abiatuko da 12:00etan

Baztanen bizi, bertan lan egin lelopean, manifestazioa eginen da Elizondon larunbat honetan, urtarrilak 22, ELA, LAB eta EHNEk deituta, euskal gehiengo sindikalaren ordezkari gisara. Manifestazioa 12:00­etan abiatuko da Lur dantzalekuaren paretik. Urtarrilaren 12an Elizondoko Arizkunenean eskainitako prentsaurrean deialdia egin zuten sindikatuek aipatu zutenez, «Baztanentzako etorkizun duin bat aldarrika­tzeko eta Baztanek bizi duen egoera salatzeko» eginen da ekitaldia.

ELAko Xabier Perez­ek aipatu zuenez, «gaur egun 1.140 pertsona daude zerrendatuak Do­nez­tebeko INEMen, orain­ urtebete baino %8,3 gehiago. Bi urtetan eskualdeko langabezia tasa bikoiztu egin da, kontutan eduki gabe denbora baterako EREak pairatzen ari diren 2.000 langile inguru». Nafarroako Gobernua praktikan enpresen adminis­trazio kontseiluen ber­tze adar bat dela adierazi zuen Perezek, «eta ez du inolako arazorik izaten kaleratze kolektiboak sinatzeko Funveran, Saveran eta berriki Marmoles del Baztanen ikusi genuen bezala. Hala ere plantila murrizketa guztiak ez dira EREen bidez egiten, badaude bertze hainbat modu plantila murrizteko baina hauek ez dira berrietan agertzen. Adibide bezala, zenbat langile hasi ziren hain fama handia hartu zuen Elgorriagako bainuetxean eta zenbat daude orain?».

EHNEko Bittoriano Jauregi, bere aldetik, nekazaritza krisiaz aritu zen: «Lehengaien espekulazioak eta ekoizteko betebehar zo­rro­tzek ekoizpen kostuak goratu ditu, nekazariak bere prezioak paratzeko boterea erabat galdu du, eta kontrolik gabe inportaturiko produktuekin eta auskalo nola ekoiztutakoekin konpetitu behar du merkatuan». Bere hitzetan, Europako Nekazal Politika ez da hemengo gisako mendi aldeko baserrien babesle, «enpresa multinazionalen eta esportaziorako ekoizle handien laguntzaile baizik». Nafarroako Gobernuari dagokionez, «zementuan bota ditu edo lagunen artean banatu ditu sosak nekazaritzaren izenean», adierazi zuen Jauregik, baita hau ere: «honek guztiak gure eskualdean ere lan postuen galera, herrien hustea eta herri baten­tzat hain ga­rrantzitsua den elikagai burujabe­tzaren galera ekarri du».

LABeko Koldo Saenz­­ek azaldu zuenez, «sektore finantziaroari milaka milioi euro eman ondotik, lan erreforma basati batekin heldu dira, ez dira konformatzen eta inoiz ikusi gabeko lapu­rre­ta egin nahi diete pen­tsionistei. Erraten dute merkatuek agintzen dutela, baina guk badakigu hori ez dela horrela eta erreforma honek azalpen bakarra dauka: banketxeen interesa pentsio plan pribatuetan». Baztan langabeziaren espiral honetatik atera behar dela pentsatuz deitu dute manifestaldia.

 

Greba orokorra

Urtarrilaren 27ko greba orokorrean parte har­tzeko deia ere egin dute ELA, LAB eta EHNEk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun