San Anton eguna ospatu zuten urtarrilaren 17an Elizondon eta ohitura betez, Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxearen aldeko zozketa ere egin zen. Sari nagusia, aitzinetik albinteek, atabalari eta txistularien laguntzaz, karrikaz karrika erakutsi zuten miga eder bat zen eta bi aldiz zenbakia ateri eta saldu gabeak zirenez, hirugarrenean atera zen 5.182 zenbakia. Bigarren saria, zerria, 6.420 zenbakiari egokitu zitzaion; hirugarrena, bi bildots, 5.911 zenbakiari eta laugarrena, urdaiazpikoa, 5.788 zenbakiari. Elbeteko Jaime Urrutia eta Elizondoko Ainara Etxeberria, Maialen Ansó, Ibai Irungarai eta Mariana Salvado neska-mutikoak izan ziren zenbakiak atera zituztenak.
Dena dela, San Anton egunean ez zen saridunik agertu, ez migarena, ezta gainerako bertze lau sariena ere. Eta hori, gutienez bi goizean saldu zirela Foru Plazan.
Miga ernari dago eta 1.500 eurotan baloratua dago eta erdia Aspina elkarteak ordaindua eta bertze erdia normalean Zahar Etxeak ordaintzen badu ere, aurten pirenaika arrazako lehiaketan parte hartu zuten Baztango abeltzainek ordaindu zuten. Beraz, Zahar Etxeari doan atera zaio lehen saria. Zozketa honen bidez, 10.000 euro inguru lortzen ditu Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxeak.
Zozketaz gain, bertze hainbat ikusgarri izan ziren Elizondoko Foru Plaza inguruan. Behelainoa uxatu zenean, eguzki goxoa lagun, eskulangileen lanak eta artisautza produktuak ikusgai eta erosgai izan ziren, eta zenbait mindegietako landareak ere, gorostiak eta limoiondoak, bertzeak bertze. Baztanzopak eta ardoa ere banatu zen, giro ederrean joan zen San Anton egunean.