Lekarozko Larraldea sagardotegian ireki zen joan dn ortziralean, urtarrilaren 14an, 2011ko txotxeko sagardotegi denboraldia Nafarroan. Aurten, Alberto Undiano Mallenco, nazioarteko futbol epaile nafarra izan zen sagardo berria probatzeko aukera izan zuen lehenbiziko pertsona. Espainiako ligako epaile onenetakoa izateaz gain, iaz Hegoafrikan jokatu zen Munduko txapelketan ere epaile izan zen Undiano. Oraindik sagardoa erabat egin gabe dagoela jakitun izan arren, “ona eta fruta gusto aunitzekoa” iruditu zitzaion epaileari eta osasuna opa zien Larraldeara bildutako guziei. Aitzinetik, Jon Elizetxe gartzaindarrak bertsoa bota zuen sagardo berriari ongietorria emanez.
Aurten ere, Jo ala Jo taldekoak aritu ziren txalaparta, kirikoketa, txistu, ttunttun eta adar doinuekin ekitaldia girotzen. Tresna horietako aunitz sagardoa egiteko prozesua arintzeko erabiltzen ziren.
Hainbertze gonbidatu
Ondotik, bazkaria izan zen Larraldean, hainbat gonbidaturekin. Futboleko ordezkari Undiano Mallenco epailea izan zen, “Osasunako jokalariak Villarealerako bidaian zeudelako”, baina kirolari gehiago ere izan ziren, hala nola, eskubaloiko jokalariak (Amaya Sport San Antonioko Javier Borrogan eta BKTko Itxaso Salaburu eta Totu Iturzaeta), Marta Mendia atleta, Mikel Goñi pilotaria, Imanol Erbiti, Alan Perez eta Juantxo Oroz txirrindulariak eta Donato eta Patxi Larretxea aizkolariak. Instituzioetako ordezkaritzaren buru Begoña Sanzberro, Nafarroako Gobernuko Ingurumen kontseilariak etorri zen eta kultur ordezkaritza Jon Elizetxe, Iñaki Aleman, Mikel Altzuart eta Juan Mari Lopezek bete zuten.
Giro ederrean joan zen bazkaria eta gisa honetara, Nafarroako sagardotegi garaia zabalik dago. Dolarea elkartea osatzen duten sagardotegietan (Lekarozko Larraldea eta Lesakako Linddurrenborda eskualdean) 300.000 litro sagardo kupeleratu dituzte, baina horretaz gain, sagar urtea izan denez, hainbat etxe eta baserrietan ere egin omen da sagardoa, bertako sagarrarekin.