‘Emakume baserritarren begirada’ erakusketa Elizondora ailegatu da

TTIPI TTAPA 2011ko urtarrilaren 18a

Mikel Altzuart, Juana Mari Gortari eta Maider Azkarate, urtarrilaren 17ko agerraldian. Alicia del Castillo

EHNE sindikatuak antolatuta, Raquel Rico beratarraren argazkiak biltzen ditu eta urtarrilaren 22ra arte zabalik izanen da Arizkunenean

Rakel Rico Berako argazkilariak eta EHNE sindikatuak elkarlanean osatutako Emakume baserritarren begirada erakusketa Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean ikusgai dago urtarrilaren 22ra arte.

Rakel Rico Berako argazkilariak eta EHNE sindikatuak elkarlanean osatutako Emakume baserritarren begirada erakusketa Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean ikusgai dago urtarrilaren 22ra arte. Urtarrilaren 17ko San Anton Eguna aprobetxatuz egin zen aurkezpena eta argazkiak ikusteaz gain, abeltzain eta nekazariek prestatutako elikagaiak dastatzeko aukera ere izan zen. Aurkezpen ekitaldian Juana Mari Gortari, Elizondoko abeltzaina eta EHNE-Nafarroa sindikatuko ordezkaria Baztan-Bidasoaldean, Maider Azkarate aniztarra, sindikatuko berdintasun arloa lantzen duen EBEL taldeko juntakidea eta Mikel Altzuart Arizkungo abeltzain ekologikoa eta EHNE-Nafarroako batzordeko kidea izan dira.

 

60 argazki

Emakume baserritarrei egindako 60 argazkirekin osatutakoa da erakusketa, eta emakume baserritarren lana jendeak ezagutu eta baloratzea, zerbitzu falta salatzea eta lehengo baserriko emakumeei omenaldia egitea dira erakusketaren helburuak. Argazkietan ageri diren 24 emakumeetatik aunitz eskualdekoak dira: Martina Ormart (Elizondo), Josefa Loiarte (Zubieta), Marian Aranibar (Bera), Maider Azkarate eta Igone Oteiza (Aniz), Lourdes Argain (Narbarte), Mariado Iturralde (Donamaria) eta Juana Mari Gortari (Ziga). Adin eta alor desberdinetakoak dira: esnetako edo haragitako behiak dituzte batzuek, ahuntzak edo oiloak bertzeek… Eta argazkiez gain, emakumeen esaldi batek laburbiltzen du bakoitzaren egunerokoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun