Abendutik honat aisialdi eta kultur ekintzetarako egoitza berria du Oronoz-Mugairik

TTIPI TTAPA 2011ko urtarrilaren 12a

Erabilera anitzeko aretoa gimnasia, dantza edo aerobic emateko prestatua dago. Inaugurazio ekitaldian, luntxa emateko aretoa izan zen. Juan Mari Ondikol

Lau solairutan 800 metro koadro ditu garai bateko San Martin ikastetxearen barrenean

Oronoz Mugairiko bizilagunek 800 metro koa­dro hartzen dituen gizarte zentroa daukate abenduaren 11z geroztik garai bateko San Martin ikastetxean, aisialdi eta kultur ekin­tzak antola­tzeko eta biltzeko. Horre­taz gain, Xaloa Telebistaren egoi­tza ere hortxe kokatu da.

Gizarte Zentroaren irekiera aunitz gibeleratu da, Udalak garai bateko ikastetxean etxebizitzak egin zituen eraikuntza enpresarekin hirigintza hitzarmena sinatu zuenetik. Hitzarmen horren arabera, lokal ba­tzuk bizilagunek erabil­tze­ko utzi behar ziren. Virginia Aleman alkateak aipatu zuenez, «lan handia egin behar izan da lokal hauek egin ahal izateko, promotorak ezin izan baitzuen bere konpromisoa bete, gremioek ere gauza aunitz utzi zituzten egiteko eta ho­rregatik gibeleratu da, baina he­rritarren eskaria zen eta azkenean lortu da». Aldi berean, Baztango herri guzietan biltzeko leku bat izateko lanean segituko dutela jakinarazi zuen, «bakarrik Gar­tzain­ falta zaigu orai». Egoi­tzaren inaugurazio egunean egin zituen hitz hauek alkateak.

 

San Martin Gunea

San Martin Gunea izena hartuko du Gizarte Zentroak, Bittor Elizagoien Oronoz-Mugai­riko alkateak azaldu zuen plakak ageri duenez: «beheko solairua eta bertze hiru solairu ditu, 800 me­tro koadro guzira eta bakoitzak bere erabilera izanen du».

Beheko solairuan ludoteka jartzeko asmoa dago, «aitzinerago mar­txan jarriko den zerbi­tzua», baita gazteendako lokala ere, bere sukalde, bilera-gela eta aisialdirako gelarekin. Lehen solairuan, sukaldea duen bertze lokala dago, adineko eta erretiratuendako pen­tsatua.

Gizarte Zentroaren baitan, erabilera anitzeko aretoa ere bada, gimnasia, dantza edo aerobic emateko prestatua, hor­mak ispiluekin estalia eta zola bereziarekin. Bigarren solairuan, Xaloa Telebistako bulegoak, muntaia-gela eta platoa daude. Eta hi­ru­ga­rrenean, ba­tzarreak egiteko gela eta bertze gelak, in­gu­ruko eskola ttikietako ikasleekin elkartu eta ekintzak egiteko erabiliko dira, edo musika, hizkuntza eta bertzelako klaseak emateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun