«Hiperaktibitatea eta arreta gabezia esker oneko transtornoak dira»

Gurutze PIKABEA 2011ko urtarrilaren 12a

Mª Jesus Torres Arreta Gabezia, Hiperaktibitatea eta Inpultsibotasuna Tratatzeko eta Ikertzeko Nafarroako Elkartearen sortzaile eta lehendakaria da. TTIPI TTAPA

Arreta Gabezia, Hiperaktibitatea eta Inpultsi­botasuna Tratatzeko eta Ikertzeko Nafarroako Elkartearen sortzaile eta lehendakaria da Mª Jesus Torres Mendikoa elbetearra. TDAHa –arreta gabezia eta hiperaktibitatearen transtornoa– duen alabaren egoerak bultzatu zuen elkartea sortzera. Egunkarian iragarkia paratu, kafetegi batean TDAHa duten nes­ka-mutikoen sei ama bildu eta hala­xe eratu zuten, 1998an. Gaur egun, 175.000 euroko aurrekontua dute elkartean eta 400 bazkide, baina azterketek Nafa­rroan TDAHa duten 3.000 daudela diote.

 

ERRONKAK

«Eskola eta osasun etxeetan arreta espezializatua eskaintzea nahi dugu eta hori Administrazioari dagokio. Gurasoei, berriz, TDHA esker oneko transtornoa dela, laguntza bila dezatela eta nahiz eta erraza ez izan, lan eginez gero, etorkizun ona izanen dutela erranen nieke»

 

12 urte eta erdi egin ditu elkarteak. Zein balorazio eginen zenuke?

TDAHa duen se­me-alabaren bat baldin baduzu, gizarteak mezu nega­ti­boak transmititzen dizki­zu, eta elkartea sortu genuenean, lehen aldiz, ez nuen alaba arazo bezala ikusi. Hori da gurasook­ egin behar duguna. Ber­tzela, ezin diozu lagundu eta ondorioz, sufritu egiten dute. Orain 12 urte ba­ka­rrak­ ginen, eta orain estatu mailan herrialde bakoi­tzean ia badago elkarte bat. Lehen medikuek ere ez zuten uler­tzen­ zer zen TDAHa, eta orain gutti goitibeheiti badakite. Balo­ra­zioa, beraz, po­s­itiboa da, baina oraindik aunitz geldi­tzen da egiteko, informazio falta aunitz dago. Ba­tzuk TDAH­­a dutenen jo­kae­ra eu­rek horrela nahi du­te­lako dela uste dute. Eta ez da hala. Haur hauek jaiotzetik horrelakoak dira, baina sintomatologia hori landuz gero, ezinegona eta despistatu den haur baten bertze ezaugarri bat izatera pasa daiteke, ondorio larriagorik izan gabe.

Noiz erran daiteke norbaitek TDAHa duela?

Begiratu hutsean ezin da erran, diagnos­tikoa egin behar da. Gurasook­ nabaritzen dugu lehen­bizi eta gero ikastetxean, exijen­tzia akademikoak zenbat eta haundiagoak izan, transtornoaren sintomak gehiago atera­­t­zen dira. Gauzak an­to­latu, ordenatu, aurreikusi, denboran kokatu... Horiek ez dituzte berezkoak, baina landuz gero, ikas ditzateke. Aditu batek nerabe bati ida­tzi­ta­ko eskutitz batean ho­ne­la deskribatu zion: «zure­ burua tele­bista pantaila bat bezalakoa da, mo­men­turo katez aldatzen ari dena». Le­hen urratsa pedia­tra­ren­­gana joatea da. Pedia­trak test bat eginen die gurasoei eta proba ba­tzuk eskatu­ko­ ditu eskolan. Emaitza­ren arabera, Buruko Osasun Zentrora bidaliko dute terapia egitera. Eta gero me­di­kazioa dago, neurologoak edo psikiatrak ema­­nen duena. Azter­ke­ta psikopedagogiko sa­kona ere egin behar da bertze patologiak baztertzeko.

Zein eboluzio dute TDAH­a dutenek?

Arras ona, beti ere, lana ongi eginez gero. Zenbat eta ge­hiago ezagutu umea, orduan eta hobeki­ landu dai­teke. Eta garaiz diagnostikatuz gero, etor­kizu­na hobea izanen du. Ba­tzuk uniber­tsitateko titulua lortze­ra ere ailega­tzen dira. Gizartean etengabekoak dira mezu negatiboak, arazo guztiak haurraren erruz direla eta gurasook ez dugula hezi­tzen asmatu ikusarazten dute. Baina gurasook trans­tornoa ongi ezagu­tu­ behar dugu eta etorki­zuna itxaropenez landu.

Zein zerbitzu eskain­tzen dituzue elkartean?

TDAHa duten seme-alaben gurasoendako eskola psikohezitzailea eskaintzen dugu, baita la­gun­­tza psikologikoa haur, nerabe eta gurasoentzat ere. Autolagun­tza taldeak edota haur eta nera­beei zu­zen­dutako tailer psi­kohe­zi­tzaileak ere badira. Azken honetan, Reto eta Si programak ditu­gu, ikasleari banakako lagun­tza eman eta trebetasuna gara­tze­ko lehena, eta autoezagu­tza sustatu eta ikastera mo­ti­ba­tzeko ber­tzea. Biak ere euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen ditugu eta estatuan programa hauek ditugun bakarrak gara. Jardunaldiak, hitzal­diak, kanpaldiak, familia txangoak... ere egiten ditugu.

Zein erronka ditu elkarteak?

Eskola eta osasun etxee­tan arreta espezializatua eskaintzea nahi dugu eta hori Ad­minis­tra­zioari dagokio. Gura­soei, berriz, TDHA esker oneko transtornoa dela, laguntza bila deza­tela eta nahiz eta erraza ez izan, lan eginez gero, etorkizun ona izanen dutela erranen nieke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun