Ohitura betez, Elizondoko kontuak Errege Eguneko batzarrean aurkeztu zituzten Xabi Torres alkateak eta bere kargodunek. Herriak 13.393 euroko irabaziak izan zituen 2010ean, baina lehendik ere 31.381,89 euro zituela kontuan hartuz, 44.800 euroko superabita dauka gaur egun Elizondoko herriak.
Diru-sarrerei dagokienez, 152.189 eurokoak izan dira. Herritarrek ordaintzen dituzten kuotak (38.195 euro) eta Santiago bestak (38.156 euro) dira handienak, baina kontuan hartzekoak dira Udazkeneko Feriak (20.528), hilerriko kuotak (11.704), Orakunde (4.129) eta ortzegunetako merkatuarengatik kobratzen duen erdia (bertze erdia Balleko Etxeak jasotzen du), 4.199 euro. Kontabilizatu gabe gelditu dira 16.213 euro, erditsua, kobratzeko gelditu diren herritarren kuotenak eta bertze 6.525 euro Errege Kabalgata eta Feria egunerako Nafarroako Gobernuari eskatutako dirulaguntzak.
Gastuak 107.944 eurokoak izan dira. Gasturik handiena Santiago bestek eragin dute, 64.588 euro. “2009an baino 4.000 euro gastatu da bestetan, baina egun bat gehiago ere izan zen” aipatu zuen Xabi Torres alkateak. Hilerrian 7.849 euro gastatu dira, Orakunden 4.256 eta gastu arruntetan 3.701 euro, fiantzetan 3.678 euro eta Herriko Etxeko aseguruan 1.795 euro.
Santiago bestak
Santiago besten diru sarrerarik handiena publizitatea izaten da (13.000 euro), Balleko Etxeak 10.374 euro ematen ditu, zikiro jatean 8.400 euro lortzen da eta ferianteek 4.737 euro ordaintzen dituzte.
Herriko bestetako 64.588 euroko gastuen barrenean, handiena musika izaten da (17.900 euro), gero zikiro-jatea (8.684 euro), karrika animazioa (7.170 euro), haurrendako ekitaldiak (6.459 euro), su artifizialak eta bazkariak (5.218 euro), egitarauaren gastuak (4.926 euro), betizuak (4.822 euro) eta kirol ekitaldiak (4.778 euro).
Kargodun berriak
Xabi Torres alkatearekin lanean lehendik zeuden kargodunekin batera, bertze bortz berri ere sartu dira lanerako prest: Eneko Eskudero, Karmentxu Elizegi, Enara Mitxeltorena, Iker Frias eta Juan Mari Maia. Herriko Etxeko sabaiko instalazio berriak ere bisitatu ziren Errege Eguneko batzarrearen ondotik.