Baztango Junta Generalak balleko Ordenantza Berriak onartu zituen urtarrilaren 3an, astelehenean egindako ixilpeko bozketan aldeko 21 boza eta kontrako 9 jaso ondotik.
1967tik ukitu gabe zeuden ordenantzen eguneratze prozesua bi urtez luzatu da. Hasierako ordenantzak 1603an eginak dira, baina lehendik ere baziren Baztango administrazioa eta herrilurren kudeaketa, erabilera eta aprobetxamenduak gidatzen zituen araudirik.
Junta Generalak berak izendatutako batzorde bat aritu da burubelarri orain onartu den testua egokitzen. Prospektiker-Ingurune aholkularitza enpresaren laguntzaz, Virginia Aleman Baztango alkateak, NaBaiko bertze zinegotzi batek, UPNko bik, Arizkun, Elizondo, Irurita eta Almandozko alkateek, Baztangoizako batzarkideak eta basozain batek osatu dute batzorde hori. Aurreproiektua 2009ko urrian onartu ondotik, jendaurrean ezagutzera eman zen eta interesatuek testu osoa Baztango Udalaren webgunean irakurri ahal izan dute. Denera 264 alegazio jarri zaizkio hasierako testuari eta horietatik 172 onartu dira eta bertze 92 gibelera bota.
Orain onartu den testua Nafarroako Gobernuari igorriko zaio eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, indarrean jarriko da.
Herrilurren aferean lan handia egin dela uste zuten astelehenean batzarkideek, baina ordenantzen kontra zeudenak ere baziren, hala nola, Elizondo, Aniz, Oronoz eta Arraiozko alkateak, herri horietako batzarretan ordenantza berrien kontrako boza eman baitzen. “Aurrekontuak egiterakoan ez da herrien partehartzeaz ja agertzen, administrazio guzia berdin gelditzen da eta ez zaio konpetentzia gehiago ematen Juntari, alderantziz baizik eta Baztanen dirua gaizki kudeatu da” zioten alkate hauek. NaBairen ustez, “batzarre batzuetan eta hemen, ezker abertzalearen estrategia bat egon da, ez bakarrik Ordenantzen aferean”.
Iruritako kasuan, alkatea kontra bozkatzearen alde bazegoen ere, herritarrei ordenantzen kopia eman eta hauek aztertu ondotik, baiezkoaren alde agertu ziren batzarrean, “baina puntu batzuk gehixeago landu behar direla” uste dute.
Virginia Aleman Baztango alkateak gogorarazi zuenez, “ez dira behin betiko edo itxitako ordenantzak, etengabeko garapena izanen dute, baina oinarria eguneratua dago”.
Alkate eta kuarteletako eta mendietako batzarkideak izendatuak
Junta Generalean herrietako alkateen izendapenak ere egin ziren. Abenduko hirugarren igandean egindako bozketen ondorioz, Luis Roldan (Almandoz), Julian Rekalde (Amaiur), Asier Maritorena (Aniz), Sotero Etxandi (Arraioz), Migel Mari Ariztia (Azpilkueta), Pedro Goienetxe (Elbete), Xabi Torres (Elizondo), Xabier Ospital (Erratzu), Pello Obregozo (Irurita), Jesus Angel Gartzia (Lekaroz) eta Pablo Zenoz (Ziga) atera ziren alkate. Urtarrilaren 2an Berroetan ere Kiko Gartxitorena aukeratu zuten alkate izateko eta oraindik, Arizkun, Gartzain eta Oronoz gelditzen dira alkaterik gabe. Hiru herri hauetan Errege Egunerako deitua dute berriz ere batzarra eta hautagairik aurkeztuko ez balitz, Baztango Udalak egin beharko du deialdi berria.
Bertze aldetik, kuarteletako eta mendietako batzarkideak ere izendatu ziren. Kuarteletako batzarkideak Jon Alkasena (Baztangoiza), Mattari Plaza (Elizondo), Bittor Elizagoien (Erberea) eta Antonio Barrenetxe (Basaburua) izanen dira. Mendietakoak, berriz, juntan solasa bai, baina bozik izanen ez duten Juan Luis Karrikaburu eta Martin Elizalde (Baztangoiza), Mari Jose Iparagirre eta Luis Javier Laurnagarai (Elizondo), Jesus Elizegi eta Jorge Oteiza (Erberea) eta Felix Etxeberria eta Peio Gamio (Basaburua) izanen dira.