Oronoz Mugairiko bizilagunek 800 metro koadro hartzen dituen gizarte zentroa daukate zabalik abenduaren 11z geroztik garai bateko San Martin ikastetxean, bere aisialdi eta kultur ekintzak antolatzeko eta biltzeko. Horretaz gain, Xaloa Telebistaren egoitza ere bertan kokatu da.
Gizarte Zentroaren irekiera aunitz gibeleratu da, Baztango Udalak garai bateko ikastetxean etxebizitzak egin zituen eraikuntza enpresarekin hirigintza hitzarmena sinatu zuenetik. Hitzarmen horren arabera, lokal batzuk bizilagunek erabiltzeko utzi behar ziren. Virginia Aleman alkateak aipatu zuenez, “lan handia egin behar izan da lokal hauek egin ahal izateko, promotorak ezin izan baitzuen bere konpromezua bete, gremioek ere gauza aunitz utzi zituzten egiteko eta horregatik gibeleratu dira, baina herritarren eskaria zen eta azkenean lortu da”. Era berean, Baztango herri guzietan biltzeko leku bat izateko lanean segituko dutela jakinarazi zuen, “eta bakarrik Gartzain falta zaigu orai”.
San Martin Gunea
San Martin Gunea izena hartuko du Gizarte Zentroak, Bittor Elizagoien Oronoz-Mugairiko alkateak azaldu zuen plakak ageri duenez. “Beheko solairua eta bertze hori solairu ditu, 800 metro koadro guzira eta bakoitzak bere erabilera izanen du” aipatu zuen Elizagoienek.
Honela, beheko solairuan ludoteka jartzeko asmoa dago, “aitzinerago martxan jarriko den zerbitzua”, baita gazteendako lokala ere, bere sukalde, bilera-gela eta aisialdirako gelarekin. Lehen solairuan, sukaldea duen bertze lokala dago, adintuendako eta erretiratuendako pentsatua. Hantxe eman zion bedeinkazioa Gizarte Zentroari Alfonso Garziandia apezak.
Gizarte zentroaren baitan, erabilera anitzeko aretoa ere bada, gimnasia, dantza edo aerobic emateko prestatua, hormak ispiluekin estalia eta zola bereziarekin. Bigarren solairuan, azkenik, Xaloa Telebistako bulegoak, montaia-gela eta platóa daude. Hirugarren solairuan, azkenik, batzarreak egiteko gela dago eta bertze gelak, inguruko herrietako ikastetxe ttikietako ikasleekin elkartu eta ekintzak egiteko erabiliko dira, edo musika, hizkuntza eta bertzelako klaseak emateko erabiliko da.