Abenduaren 8an egin zen Elizondon Izeta sariketaren edizio berria. Nafarroako 13 bertsolarik hartu zuten parte egun osoz izan zen saioan eta azkenean Iñaki Alemanek lortu zuen sariketaren laugarren edizio hau irabaztea. Mariano Izeta zenaren Ines alabaren eskutik jaso zuen txapela Iruritako bertsolariak.
Saioa Alkaiza antsoaindarrarentzat izan zen bigarren postua eta hirugarrena, berriz, Josu Sanjurjo lesakarrarentzat. Bertze hiru bertsolari izan ziren finalean: Leitzako Jose Luis Barberia Zili, Iruñeko Ainhoa Aranburu eta Lesakako Iban Garro. Elizondoko aretoa bete egin zen finala ikusteko eta saio polit eta bizia eskaini zuten bertsolari gazteek.
Aurtengo Izeta sariketa goizetik abiatu zen. 13 bertsolarien artean bi kanporaketa jokatu ziren, horren ondotik, finalerako seikotea erabakitzeko. Parte-hartzaile guztiekin egin zen bazkariaren ondotik, arratsaldeko saioa egin zen, Alaitz Rekondo lesakar aurkezlearen gidaritzapean. Epaile lanetan, berriz, Nerea Bruño, Mikel Altzuart eta Josu Etxanobe aritu ziren.
Harrobi lana eginez
Nafarroako Bertsozale Elkarteak bi urtetik behin antolatzen du Nafarroako bertsolari berria sustatzea helburu duen Izeta sariketa. 2004an egin zen lehendabiziko aldiz. Lau edizio hauetan, bertsolarien harrobia izan da eta hala izaten segitzea da Elkartearen helburua. Elizondoko Jon Barberena, Iruñeko Oier Lakuntza eta Gartzaingo Jon Elizetxe izan dira Izeta sariketa orain arte irabazi duten bertsolariak.