Badatoz Eguberriak, eta horrekin batera, Olentzero ere laster izanen dugu herriz-herri eta etxez-etxe bisitan.
Amaiurko eskolan, adibidez, abenduaren 22an eginen dute Olentzero. 11:00 aldera herriari itzulia emanen diote txistulariekin eta animatzen diren herritar guztiekin.
Erratzun ere, Eguberrietako oporrak hartuko dituzten azken egunean, abenduaren 22an, 12:00 inguruan elkartu eta txistularien laguntzarekin eta Olentzero soinean karriketan barna ibiliko dira ikasle, irakasle eta gurasoak, etxe batzutan ttautte hartuz eta kantatuz. Itzuliaren ondotik, 13:30ean Kastonean bazkalduko dute eta arratsaldean Elkartean ikuskizuna izanen dute.
Egun berean, hilak 22, Arizkunen eskolako haur, irakasle eta gurasoak karrikaz-karrika ibiliko dira, kantuan eta puxkak bilduz. Eta eskolatik jakinarazi digutenez, herrian ez ezik, auzoren bat ere eginen dute. Ondotik, gurasoen aitzinean aurretik prestatutako saio bat egiten dute haurrek. Aurten Kantutegi Zaharrari buruzko informazioa eman eta kantu batzuk ere abestuko omen dituzte eta akitzeko Guraso Elkarteak Herriko Elkartean denentzat luntxa eskainiko du.
Arraiozen ere, egun berean, eskolan egindako Olentzeroarekin, herrian zehar ibilaldia eginen da, herria alaituaz kanta eta musika soinuekin. Eskolako bisitez gain, Olentzero herriz herri ibiliko da abenduaren 24an.