Ordenantzen arabera, bi urtetik behin, abenduko hirugarren igandean egin behar dira herrietako alkateak izendatzeko bozketak. Eta aurten horrela tokatzen denez, halaxe eginen da igande honetan, abenduak 19, 15 herrietan. Lau urteren ondotik, Baztangoiza, Elizondo, Erberea eta Basaburuko batzarkide berriak ere laster aukeratuko dira.
Ordenantza berriak
2008an abiatu zen Ordenantza, Zerga eta Paramentuak berritzeko prozesua. Horretarako batzordea ere eratu zen: Virginia Aleman alkateak, NaBaiko zinegotzi batek eta UPNko bik, Elizondo, Irurita, Almandoz eta Arizkungo alkateek herrietako alkateen izenean, Baztangoizako batzarkideak bertze guztien izenean, basozainak eta Prospektiker-Inguruneko aholkularitzak osatu zuten.
Aipatu batzordeak 2009ko urrian onartu zuen Ordenantzen hasierako zirriborroa eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta alegazioak aurkezteko epearen ondotik, araudi berriari egin zaizkion alegazioak aztertzeko lana akitu berri du batzordeak. Azaroaren 30ean aldaketen berri eman zien Batzar Nagusiko kideei eta behin betiko onartzea gelditzen da orain, urtarrilean eginen dena.
Bereziki aspaldiko araudia eguneratzeko abiatu zen duela bi urte prozesua, baina horrez gain, izan ditu bertze helburu batzuk ere: «Batzar Nagusiaren papera indartu eta honen egitekoak zehaztu, herritarrei erabilera komunalei buruzko beharretan erantzun eraginkorragoa eman, Batzarreen funtzionamendua erregulatu eta hobetu, Auzolanen garrantzia azpimarratu, herritarren parte-hartzea bultzatu...».
Zehaztu diren ataletako batzuk hauek dira: herrietako alkateen izendapenak eta eskumenak, Batzarreak, Auzolanak, kontribuzioak, Batzar Nagusien eraketa eta batzarkideen izendapena, herri ondasunak, larreak, herri lurretan landaketak egitea, herri lurretan eraikuntzak egitea, ehiza eta onddo eta perretxikoen bilketa, kirol eta aisialdiko jarduerak, ura, suteak, mendiko bide eta pistak, herri lurren permutak, arau-hausteen zigorrak...
Aldiz, badira adostasun ezaren ondorioz, Ordenantzetatik kanpo gelditu diren zenbait puntu: Batzar Nagusietako presidentea alkatea ez bertze norbait izateko proposamena (presidentea alkatea izatearen alde 14 boto, 10 kontra), giza-eskubide, emakume edota herrien adierazpenak, eta euskara, hezkuntza, osasuna eta gizarte-ekonomiaren sustapenaren nazioarteko eskubideak. Bi kasuotan, proposamenak Ordenantzetan sartzearen aurka agertu dira Batzar Nagusietako kide gehienak: lehenengoan kontra 15 eta alde 9 eta bigarrenean 14 kontra eta 10 alde. Udal aurrekontuak eta plan orokorrak Batzar Nagusietan onarzeko proposamenak ere kanpoan gelditu dira.
Ezker abertzalearen oharra
Ezker Abertzaleak ohar bidez jakinarazi duenez, egin direnak baino «Ordenantza osoagoak behar ditu Baztanek. Egituraren oinarria herrietako batzarra behar du izan, elkarbizitzara eta beharrei aitzin egiteko alor guztiak bildu, eta horretarako behar diren eskumenak artikulatu». Gaineratu duenez, NaBai eta UPNek «ongi mugatuta zuten Ordenantzak noraino ailega daitezkeen. Nafarroako Tokiko Administrazio legeak ematen dien eskumenak ez dituzte Juntakideekin konpartitu nahi. Horregatik jartzen dizkiete mugak Ordenantzei». Alegazioak aztertzeko batzordetik kanpo utzi izana ere leporatu dio NaBairi. Eta alegazioei buruz zera erran du: «Ordenantzen azken zirriborroa nola gelditu den ikusita, alegazio guztiak aztertu direla baiezta daiteke, baina Udalaren zeregina zalantzan jartzen ez dituztenak onartu dira bakarrik. 264 alegazio aurkeztu dira; horietatik 192 onartu dira eta 92 baztertu.
BAZTANGO BATZAR NAGUSIAK
Herrietako alkateak bi urterako izendatzen dira eta batzarkideak, berriz, lau urtetarako. Hauek dira 15 herrietan azken bi urteotan alkate eta lau urteotan batzarkide izan direnak:
BAZTANGOIZA
Batzarkidea Juan Luis Karrikaburu (Erratzu)
Amaiur Julian Rekalde
Azpilkueta Jon Alkasena
Erratzu Juan Jose Bidart
Arizkun Juan Kruz Iriarte
ELIZONDO
Batzarkidea Peio Oskariz (Lekaroz)
Elbete -
Elizondo Xabi Torres
Lekaroz Jabier Elizalde
ERBEREA
Batzarkidea Peio Berho (Oronoz)
Irurita Pello Obregozo
Arraioz Sotero Etxandi
Oronoz-Mugairi Bittor Elizagoien
Gartzain Jose Luis Elizegi
BASABURUA
Batzarkidea Andoni Barrenetxe (Berroeta)
Ziga Pablo Zenoz
Aniz Asier Maritorena
Berroeta Arantxa Zelaia
Almandoz Luis Roldan
HELBURUAK
Aspaldi ukitu gabeko araudia eguneratzea izan da Ordenantzak berritzearen helburu nagusia.
DATUA
138 ARTIKULU eta 23 kapitulu dituzte Ordenantzek.