Igande honetan eginen dira Baztango herrietako alkateak izendatzeko hauteskundeak

TTIPI TTAPA 2010eko abenduaren 15a

Elizondoko batzarrea igande eguerdian eginen da. Artxibokoa

Ordenantza berriak onartzeko prozedurak aitzinera darrai

Ordenantzen arabera, bi urtetik behin, abenduko hirugarren igandean egin behar dira herrietako alkateak izendatzeko bozketak. Eta aurten horrela tokatzen denez, halaxe eginen da igande honetan, abenduak 19, hamabortz herrietan. Elizondon, errate baterako, igande eguerdiko 12:00etan eginen den batzarrean, aurreko batzarreko aktaren irakurketa, eta hala balitz, bere onarpena eginen da lehenik, gero Elizondoko alkate-juradoaren hautatzea 2011-2012 urteetarako eta gero, galderak eta eskaerak. Batzarrea gehiego luzatuko balitz, hitzordu berria jarriko lukete aferekin segitzeko, alkateak eta kargodunek jakinarazi dutenez.

Lau urteren ondotik, Baztangoiza, Elizondo, Erberea eta Basaburuko batzarkide berriak ere laster aukeratuko dira.

Ordenantzen arabera, bi urtetik behin, abenduko hirugarren igandean egin behar dira herrietako alkateak izendatzeko bozketak. Eta aurten horrela tokatzen denez, halaxe eginen da igande honetan, abenduak 19, hamabortz herrietan. Elizondon, errate baterako, igande eguerdiko 12:00etan eginen den batzarrean, aurreko batzarreko aktaren irakurketa, eta hala balitz, bere onarpena eginen da lehenik, gero Elizondoko alkate-juradoaren hautatzea 2011-2012 urteetarako eta gero, galderak eta eskaerak. Batzarrea gehiego luzatuko balitz, hitzordu berria jarriko lukete aferekin segitzeko, alkateak eta kargodunek jakinarazi dutenez.

Lau urteren ondotik, Baztangoiza, Elizondo, Erberea eta Basaburuko batzarkide berriak ere laster aukeratuko dira.

 

Ordenantza berriak

2008an abiatu zen Ordenantza, Zerga eta Paramentuak berritzeko prozesua. Horretarako batzordea ere eratu zen: Virginia Aleman alkateak, NaBaiko zinegotzi batek eta UPNko bik, Elizondo, Irurita, Almandoz eta Arizkungo alkateek herrietako alkateen izenean, Baztangoizako batzarkideak bertze guztien izenean, basozainak eta Prospektiker-Inguruneko aholkularitzak osatu zuten.

Aipatu batzordeak 2009ko urrian onartu zuen Ordenantzen hasierako zirriborroa eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta alegazioak aurkezteko epearen ondotik, araudi berriari egin zaizkion alegazioak aztertzeko lana akitu berri du batzordeak. Azaroaren 30ean aldaketen berri eman zien Batzar Nagusiko kideei eta behin betiko onartzea gelditzen da orain, urtarrilean eginen dena.

Bereziki aspaldiko araudia eguneratzeko abiatu zen duela bi urte prozesua, baina horrez gain, izan ditu ber­tze helburu batzuk ere: «Batzar Nagusiaren papera indartu eta honen egitekoak zehaztu, herritarrei erabilera komunalei buruzko beharretan erantzun eraginkorragoa eman, Batzarreen funtzionamendua erregulatu eta hobetu, Auzolanen garrantzia azpimarratu, herritarren parte-hartzea bultzatu...».

Zehaztu diren ataletako batzuk hauek dira: herrietako alkateen izendapenak eta eskumenak, Batzarreak, Auzolanak, kontribuzioak, Batzar Nagusien eraketa eta batzarkideen izendapena, herri ondasunak, larreak, herri lurretan landaketak egitea, herri lurretan eraikuntzak egitea, ehiza eta onddo eta perretxikoen bilketa, kirol eta aisialdiko jarduerak, ura, suteak, mendiko bide eta pistak, herri lurren permutak, arauhausteen zigorrak...

Aldiz, badira adostasun ezaren ondorioz, Ordenantzetatik kanpo gelditu diren zenbait puntu: Batzar Nagusietako presidentea alkatea ez bertze norbait izateko proposamena (presidentea alkatea izatearen alde 14 boto, 10 kontra), giza-eskubide, emakume edota herrien adierazpenak, eta euskara, hezkuntza, osasuna eta gizarte-ekonomiaren sustapenaren nazioarteko eskubideak. Bi kasuotan, proposamenak Ordenantzetan sartzearen aurka agertu dira Batzar Nagusietako kide gehienak: lehenengoan kontra 15 eta alde 9 eta bigarrenean 14 kontra eta 10 alde. Udal aurrekontuak eta plan orokorrak Batzar Nagusietan onartzeko proposamenak ere kanpoan gelditu dira.

 

Ezker abertzalearen oharra

Ezker Abertzaleak ohar bidez jakinarazi duenez, egin direnak baino «Ordenantza­ osoagoak behar ditu Baztanek. Egituraren oinarria herrietako batzarra behar du izan, elkarbizitzara eta beharrei aitzin egiteko alor guztiak bildu, eta horretarako behar diren eskumenak artikulatu». Gaineratu duenez, NaBai eta UPNek «ongi mugatuta zuten Ordenantzak noraino ailega daitezkeen. Nafarroako Tokiko Administrazio legeak ematen dien eskumenak ez dituzte Juntakideekin konpartitu nahi. Horregatik jartzen dizkiete mugak Ordenantzei». Alegazioak aztertzeko batzordetik kanpo utzi izana ere leporatu dio Na­Bairi. Eta alegazioei buruz zera erran du: «Ordenantzen azken zirriborroa nola gelditu den ikusita, alegazio guztiak aztertu direla baiezta daiteke, baina Udalaren zeregina zalantzan jartzen ez dituztenak onartu dira bakarrik. 264 alegazio aurkeztu dira; horietatik 192 onartu dira eta 92 baztertu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun