Duela hamar bat urte hasi ziren Baztan-Bidaso aldera, udan Saharako neska-mutikoak ekartzen. Eta duela hiru urte talde moduan eratzea erabaki zutenean sortu zen Saharaztan Baztan-Bidasoako Saharar herriarekiko elkartasun taldea. Saharako basamortuan dauden errefuxiatuen kanpamenduetan, udan egiten duen bero jasangaitza dela eta, batez ere haurrak dira kaltetuenak. Hala, udako hilabete beroenak goxoago pasatzeaz gain, euren herrian jaso ezin dituzten zerbitzuak eskaintzen zaizkie hemen Saharako gaztetxoei. Bide batez, Saharako herriaren egoera zein den ezagutaraztea ere bada Saharaztanen helburua.
Aurten gure artean izan diren 17 neska-mutikoak (15 Baztan-Bidasoan eta 2 Leitzan) irailean itzuli ziren etxera, baina azaroan Sahararen aldeko Elkartasun Eguna egitea erabaki du Saharaztanek. Eta oraindik gogo gehiagorekin azkeneko asteetan Aaiunen gertatutakoak ikusita.
Egitarau zabala
Azaroaren 27an izanen da Erratzun eta egun osoko besta antolatu dute larunbatean.
11:00etan hasiera ekitaldia eginen. Aurkezpenaren ondotik, “Hacia el mundo con tus ojos” bideo emanaldia eskainiko da. Segidan, hitzaldia eta mahai-ingurua izanen dira Nafaa Salem-en eskutik. Haurrendako puzgarriak izanen dira, baita idazkera sahararraren tailerra. Bitartean, herrian barna kalejira eginen da fanfarrearekin eta bertsolariak ere ariko dira.
14:00etan bazkaria izanen da eta helduen menua eta haurren menua eskainiko da. Ostatu hauetan eros daitezke bazkarirako txartelak: Zubi-punta (Erratzu), Intza (Elizondo) Pirrin (Elizondo), Ekaitza (Doneztebe), Kataku (Bera) eta Errekalde (Bera). Helduen menuak 18 euro balio ditu eta haurrenak 10 euro.
Bazkalondoren, bertsolariak eta Edorta abeslaria ariko dira. Bitartean, haurrendako tailerra izanen da Birbira taldearen eskutik. Batukada ere izanen da.
19:00etan kontzertuak hasiko dira, hainbat talderekin: Ufestuek, Komando Kastaña, Kaskezur, Xutik, Vendetta eta Trikidantz. Sarrera 7 eurotan. Kontzertuen artean argazkiak proiektatuko dira eta Jo ala Jo Kultur Taldeak emanaldia eskainiko du.
Gan-torri autobusa
Aipatzekoa da gan-torri autobusa ere ibiliko dela larunbat arratsean eta 2 euro gpstako da joan-etorria. 18:00etan abiatuko da Doneztebetik eta Bertizarana, Oronoz, Arraioz, Irurita, Gartzain, Elizondo (18:45ean), Elbete, Arizkun eta Lamierritatik pasatuta 19:00etan izanen da Erratzun. Bertze autobusa 23:00etan abiatuko da Elizondotik eta hirugarren bat 2:30ean abiatuko da Doneztebetik eta 3:00etan Elizondotik pasatuta ailegatuko da Erratzura. Bueltarako, berriz, 22:30ean abiatuko da lehenbiziko Erratzutik Elizondora. Bertze bat 1:30ean abiatuta, 1:45ean pasatuko da Elizondotik eta 2:30ean izanen da Donezteben. Azkenak, 4:30ean eta 6:00etan abiatuko dira eta behar den herri guzietan geldituz Donezteberaino joanen dira.