Greba mugagabean segitzen dute Marmoles Baztaneko langileek

TTIPI TTAPA 2010eko azaroaren 24a

Juan Mari Ondikol

Oronoz Mugairiko Marmoles del Baztan lantegiko zuzendaritzak kaleratu nahi dituen 17 langileen kaleratzeen kontrako ekimenekin segitzen dute langileek. Azaroaren 12an, erraterako, 300 bat lagunek parte hartu zuten Elizondon egindako manifestazioan. Manifestazioa LABek deitua zen, sindikatu honek baka­rrik baitu ordezkaritza Marmoles Baztanen, baina ELAren babesa ere jaso­ zuen eta Baztan-Bidasoaldeko zenbait ordezkari sindikalek ere parte hartu zuten. Horrez gain, azaroaren 17an 50 bat lagun bildu ziren Elizondoko plazan langileek deituriko kon­tzentrazioan, eta ondotik sei langilek itxialdia egin zuten Elizondoko Herriko Etxean. Azaroaren 19an, Doneztebeko ferietan, Merkatuko Plazan elkarreta­tzea ere egitekoa zuten. Bertzalde, hilaren 18an akitu zen erregulazio espedientearen kon­tsulta epea eta egun horretan ere kontzentrazioa egin zuten langileek Lan Ikuskaritzaren aitzinean. Enpresa eta langileen ordezkariak ere bildu ziren inspekzioarekin, baina akordorik lortu gabe gelditu ziren. Enpresak egoera ekonomiko txa­rra eta produkzioaren jaitsiera azpimarratu zituen kaleratzeak aurkezteko. Eta langileek espedientea erretiratzeko eta elkarrizketa bide bat irekitzeko eskatu zuten, «inolako mehatxurik gabe eskatu dugu soluzioak bilatze bidean». Akordiorik lortu ez zenez, orain­ Nafarroako Gobernuaren eskuetan dago onartu ala ez. Bitartean langileak hilaren 10ean hasitako greba mugagabearekin segitzen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun