Amaiur taldeak nagusitasunez ekin dio Nafarroako sokatira denboraldiari, 630 kiloko kategorian Nafarroako txapela lortuta, hain zuzen. Bigarren jardunaldian, adibidez, nahiz eta Berriozarko mutilak arerio gogorrak izan, tiraldi guztiak irabazi zituzten amaiurtarrek. Bi jardunaldiren ondotik, sailkapen orokorrean, Berriozar izan zen bigarren, Basaburua-Imotz hirugarren eta Txantrea laugarren. 630 kilokoaren ondotik, orain 590 kilokoan ari da mutilen taldea. Kategoria honetan ere lehendabiziko jardunaldian nagusitu egin zen Amaiur eta larunbatean, hilak 27, Zugarramurdin jokatuko den bigarren saioan erabakiko da txapela. Amaiurko neskak ere lan ederra egiten ari dira. 375 kiloko kategorian, lehen eta bigarren jardunaldian irabazi egin zuten, baina larunbatean Zugarramurdin argituko da txapela nork eramanen duen. Basaburua-Imotz eta Berriozar ditu arerioak.