Oronoz-Mugairiko Marmoles del Baztan lantegiko langileak azaroaren 22an, astelehenean hasi ziren berriz ere lanean, 11 egunez greban eta borrokan aritu ondotik eta langileen batzarrak hala erabakita.
LAB sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, “Marmoles del Baztaneko langileak borroka eredu izan dira greba egun hauetan, non enpresa estu izan duten eta batipat Mexiko D.F dagoen enpresako sozio nagusia. Mobilizazioz eta preokupazio aurpegiz beteriko egunak izan dira, baina elkartasunez, lagunkidetzaz eta borrokarako grinaz beteaz, Baztango txoko guztietatik ikusi dutena”.
Langileak greba mugagabean hasi ziren enpresak 17 langileren kaleratzea aurreikusten zuen Lan Erregulazio Espedientea aurkeztu zuelako eta honen aurka egiteko. Egun hauetan langile guziek egin dute borroka espediente honen aurka: Kotxe karabanak, manifestazioak, elkarretaratzeak, itxialdiak, udalarekin, agente politikoekin eta alkate juradoekin egindako bilerak eta egoeraren salaketa aktiboa izan dira eguneroko ogia Oronoz-Mugaireko enpresa honetan, eta LABen ustez, “langileen lanari eta pertseberantziari esker lortu dute beraien aldarrikapena Mexikora iristea eta sozio honek esplikazioa eman behar izatea”.
Orain Nafarroako Gobernuaren esku dago kaleratzeak onartu edo ez. LABek dioenez, “jakin badakigu Nafarroako Gobernua enpresen administrazio kontseilu hoberena dela eta beti enpresen alde jartzen dela langileen kaltetan”. Horregatik, UPNko gobernuari kaleratzeak ez onartzea eskatzen diete era Baztango udaleko bere aldedikideei kasu eginez eta espedientetik kanporako soluzio bat bilatzeko.
Langileen aldeko mozioa ahobatez onartu zen Baztango Udalean
Izan ere, Baztango Udalak ahobatez onartu zuen Marmoles del Baztan lantegiko langileen aldeko mozio. Elkartasuna adierazteaz gain, Lan Erregulazio Espedientea gelditzea eta bi aldeen arteko solasaldiak segitzea eskatu zuten. Bitartekaritza lana egiteko prest ere azaldu ziren NABAI eta UPNko zinegotziak ahobatez.
Bere aldetik, LABek exijitzen dio Nafarroako Gobernuari “ez gehiago zigortzeko jadanik nahiko larri dagoen Baztango industria eta enplegu suntsiketa lagundu beharrean bertako langileak aintzinera egin dezaten laguntzea, Baztandarrak direlako Baztanen lan eta bizi egin nahi dutelako”.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!