Azaroaren 20an jokatu zen Nafarroako Euskal Kantu Txapelketako azken saioa Elizondoko Lur dantzalekuan. Aurtengo edizio honetan 22 partaide izan dira eta 25 kantu plazaratu dira Etxarri-Aranaz, Artika Berria eta Elizondoko saioetan, gehienak sormenezkoak. Elizondoko azken saioan giro bikaina izan zen eta publikoari dagokionez, 400 bat pertsona hurbildu ziren Lur dantzalekura. Berriki zendu den José Antonio Labordeta kantariari omenaldi hunkigarria eskaini zaio berak sortutako Alborada izeneko kantua euskaraz kantatuz. Lan bikaina beraz, partaideena eta batez ere azpimarratzekoak dira Amaia Dominguez epaileak bere gain hartu duen erronka, egindako lana eta emandako erabakiak.
Sorkuntza lanean, lehen saria Iruñeko Ainara Villanuevak eta Aurizberriko Edurne Erreak eskuratu zuten “Bizitza astindu” kantuarekin eta bigarren saria Ortzi taldeak “Amorru malkoak” kantuarekin.
Era modernoan, lehen saria Iruñeko Naia Lope zeta Arbontzeko Sabina Igiñizek eskuratu zuten “Zure doinua” kantuarekin eta bigarren saria Tuterako Saioa Crespo eta Amaia Zubeldiak “Bizitzak” kantuarekin.
Era Zaharrean, lehen saria “Iruñeko Maitane Aranburu, Iraizotzeko Nerea Galain eta Zizurko Zuriñe Hidalgok eskuratu zuten “Izarren hautsa” kantuarekin eta bigarrena Elizondoko Elisa Perotxenak eta Ziaurritzeko Iñaki Gerendiainek “Baldorba” kantuarekin.
Sari bereziak
Baina bertze sari bereziak ere banatu ziren Elizondon. Honela, Berako Uxua Anduezak eta Alkotzeko Amaia Oiartzunek “interpretazio ederra eta aipamen berezia sorkuntzako lanagatik” jaso zuten. Aurizberriko nesken talde lana eta interpretazio ederra saritu ziten. Zizur Nagusiko Zuriñe Hidalgoren indarra eta interpretazioa azpimarratu ziren, baota Altsasuko Mikel Goñik kantuari eman zion sentimendua eta Etxalarko Dantzadi taldeak ere saria jaso zuen “talde lanagatik eta interpretazio ederrarengatik”.