Azaroaren 18an, ortzegunean, Marmoles del Baztan lantegiko espedientearen kontsulta epea bukatu egin da. Goizeko 9etan Iruñera joan ziren langileak eta kontzentrazioa egin zuten Nafarroako Gobernuko Lan Ikuskaritzaren aitzinean eta ondoren enpresa eta langileen ordezkariak bildu ziren Lan Departamentuko ordezkariekin.
Bilerak ez zuen akordiorik ekarri. Enpresak egoera ekonomiko txarra eta produkzioaren jaitsiera azpimarratu zituen kaleratzeak aurkezteko eta babesteko. Langileek, berriz, “espedientea erretiratzea eta elkarrizketa bide bat irekitzea inolako mehatxurik gabe” eskatu zuten, soluzioak bilatze bidean.
Enpresak ez du hori onartu eta kontsulta epea akordiorik gabe bukatu da. Orain Nafarroako Gobernuaren eskuetan dago espedientea onartu edo ez. Bitartean langileak greban segitzen dute soluzio bat aldarrikatzen.