Elbeteko bizilagunek lan-taldea osatu dute eta, Baztango gainerako herrietan bezala, abenduan eginen diren herrietako alkateak eta kargodunak aukeratzeko hauteskundeetan hautagaitzaren bat aurkeztea izanen dute helburu. Izan ere, azkeneko bi legealditan ez dute alkaterik izan Elbeten, beraz, lau urte daramazkite Junta Generalean ordezkaririk izan gabe.
Asteburu honetan biltzekoa da Elbeteko lan taldea eta bertatik zozketa bidez aukeratuko dute 2011-2012 urteetan alkate izateko hautagaia. Bertze zenbait erabaki ere hartu zuten elbetearrek gizarte zentroan egindako batzarrean. Honela, etxez etxe ur-kontadoreak hartzea eta mantenimendua zenbat kostako litzakeen jakiteko estudioa enkargatuko dute, kontsuma arduratsuagoa lortzeko.
Errotaberriko presa
Garai batean Errotaxuri eta gaur egun Errotaberri gisara ezagutzen den presarendako lege babesa emateko eskaria Baztango Udalean aurkeztea ere erabaki zuten ahobatez elbetearrek. Ondare Intereseko Ondasun izendatzea eskatzen dute eta ez dezatela presa bota, Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Landa Garapen Departamentuak nahi duen bezala. Izokin eta amoarraien pasabidea errazteko moldatzea begi onz ikusten dute, baina Baztango Udalak bere eskariak onartuz gero, presa ez dela botako espero dute.
Aipatzekoa da Facebook sare sozialean Errotaberri presa salba dezagun orrialdea zabaldua dutela eta 300 lagun baino gehiago ditu dagoeneko.