Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Landa Garapen Departamentuak Elbeteko Errotaberri presa bota egin nahi du, baina herritarrak bere horretan mantentzearen aldekoak dira.
Badirudi, edozein momentutan bota dezaketela presa, Ingurumen eta Landa Garapen Departamentuak botatzeko agindua emana duelako eta euriteen garaia pasatzeko esperoan omen daude. Dena den, herritarrek oraindik ez dute itxaropenik galdu eta Begoña Sanzberro kontseilariari zerbait egiteko eskatu diote.
Eta horrekin batera, bertze ahalegina sare sozialaren bidez egitea erabaki dute Elbeten. Errotaberri presa salba dezagun izenburupean orrialdea zabaldu dute Facebook-en eta dagoeneko ehundik gora babes jaso ditu –lerro hauek idazterakoan 200 lagun inguruk bat egina zuten sare sozialarekin–.