Marmola eta granitoarekin lanean aritzen den Oronoz-Mugairiko Marmoles del Baztan enpresako langileak greba mugagabean hasi dira azaroaren 10ean “enpresak konponbide justu bat langileekin adortu arte eta kaleratzeen mehatxua atzera botatzen duen arte” eta aitzinera begira eginen dituzten mobilizazioen berri eman dute prentsaurrean Elizondoko Arizkunenean. Enpresak gaur egun dituen 32 langileetatik 15 kaleratu nahi dituela jakinarazi dute LABeko Josu Jorajuria eta Jose Ignacio Irigoienek eta hori “enpresaren aurreikuspen, neurri eta gestio txarren ondorio direla” adierazi dute.
Urte aunitzetan Baztanen industria enpresa handiena izan zen Marmoles Baztan, 50 langile izateraino. Krisia sektorera ailegatu orduko enpresak neurriak hartu zituen, lehenik zazpi langile kaleratu zituen 2009ko urtarrilean, “bortz hilabete lehenago ordu extra aunitz sartu izan zirenean”. Enpresak berak 2009 urtea produkzio aldetik ona izan zela ere onartu omen du.
LAB: «Enpresak ez du bere konpromezua bete»
Enpresako Langileen Batzordea osatzen duten LABeko bi ordezkarien erranetan, “bilera aunitzen ondotik enpresak ERE bat sartu zuen ekainean, kontratuak urte betez 100 egunetarako suspenditzen zituena. Guk bitartean enpresari bere gestio arazoak konpontzeko eskatu genion: obretan marmola kolokatzearen arazoa, non langile batzuentzat lana zihurtatu zitekeen, bezeroei bidalitako materialaren kalitate falta, gestio komertzial txarra…”. Arazo hauek diru eta lan galera aunitz ekarri dutela uste dute langileek eta enpresak arazo horiek konpontzeko konpromezua hartu zuen, “eta urte batez langilerik ez zuela kanporatuko genuen”. Baina EREak iraun duel lau hilabete hauetan enpresak ez duela bere konpromezurik bete salatu dute langileek eta “17 kaleratzeekin espediente berri bat aurkeztu du. Bere gestio arazoak konpondu ordez hartu duen neurri bakarra 17 langile kaleratzea izan da. Langileok arazo guzti hauek konponduko dituen konponbide justu bat exijitzen dugu, eta konponbide hau ez da 17 lankide kanporatzetik pasatzen”.
Kotxe karabana ortzegunean, manifestazioa ortziralean
Beraz, azaroaren 10ean abiatu duten greba mugagabearekin batera, bertze hainbat mobilizazio ere eginen dituzte. Hasteko, azaroaren 11n, ortzegunean, kotxe karabana eginen dute eta azaroaren 12rako, ortziralerako, manifestazioa deitu dut LABek Elizondon. Arratsaldeko 19:00etan abiatuko da Lur dantzalekuaren ataritik, “Baztanek bizi behar du” lelopean eta bertan parte hartzeko deia egin dute langileek, “baztandarrak izabik Baztanen lan eta bizi egin nahi dugulako eta hori ez delako industri lanpostuak suntsituz lortuko”.