Inoiz baino jende gehiago bildu zen joan den ortziralean, urriaren 29an, Elizondoko Udazkeneko Ferian. Jendea ez ezik, azienda aunitz ere plazaratu zen, horretarako dei berezia egina baitzuten alkateak eta kargodunek. Honela, behi aziendez gain, zaldi, behor, asto, ardi eta aspaldian ikustez ez zen zerri azienda ere, euskal zerria gainera, ikusgai izan zen.
Horrekin batera, Jaime Urrutia karrikan eta plaza inguruan, karrikako hainbat saltzaile izan zen, berrehun bat postu paratu baitziren. Horri esker, 18.000 euroko diru-sarrerak izan ditu Elizondoko herriak. Baratzuriak, turroiak, mahats-porkak, arropak… denetarik izan zen ikusgai, salgai eta erosgai.
Goiz eta eguerdi parteko merkatu-saltsaren ondotik, arratsaldean pilota partida ikusgarriak izan ziren itxura berritua ageri zen Baztan udal pilotalekuan. Lehenbiziko partidan, Mikel Olazabal eta Ladis Galarzak 22 eta 18 irabazi zieten Jon Apezetxea eta Pedro Martinez de Eulateri. Partida nagusian, Titin III eta Zubietak 22 eta 18 irabazi zieten Martinez de Irujo eta Laskurain-i. Jendetzak kasik gainezka bete zuen pilotalekua.
Arrats partean dantzaldia izan zen eta larunbatean Atsoferie.