Etxeetako energia kontsumoa murriztuz, klima aldaketa apaltzea helburu duen Kyoto Etxebizitzak izeneko programa bultzatu nahi du Udalak Baztanen. Ekimen honen bidez, egunerokoan ohikoak diren gauzak egiterakoan energia guttiago kontsumitzea izanen da gakoa. Izan ere, Nafarroa osoan kontsumitzen den energia osoaren %12 etxeko kontsumorako erabiltzen da: argia piztean, hozkailua irekitzean, janaria prestatzean, berogailua graduatzean... Kyoto Etxebizitzek, aldiz, kontsumo hori %5,2era murrizteko konpromisoa hartzen dute. Elektrizitate eta gas kontsumoa kontrolatuz jakin daiteke erronka hori bete den ala ez.
Hiru saio
Kyoto Etxebizitzak programarekin egunerokoan ohikoak diren gauzak landuko dira, energia aurrezteko aholkuak eta gomendioak emanez. Horretarako hiru saio antolatu dira: lehendabizikoan berogailua eta ur beroaz ariko dira; bigarrenean etxe-tresnak eta eraginkortasun energetikoa izanen dira aztergai eta hirugarrenean kontsumo arduratsuaz ariko dira. Saio hauez gain, autoak modu eraginkorrean gidatzeko tailerra ere eskainiko zaie parte-hartzaileei. Kyoto-kit bat ere banatuko da lanean hasi ahal izateko. Ura aurrezteko tresna sorta bat, termometro bat, erregeleta bat eta eskuliburua banatuko dira.
Lehendabiziko saioa ortzegun honetan, hilak 28, eginen da. Eta hurrengoak azaroaren 11n eta 18an. Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean eskainiko dira, 18:00etatik 19:30era. Dohainik izanen dira, eta gaztelaniaz. Izena emateko epea urriaren 14an akitu zen.
Programaren xehetasunak
CRANA Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroak 2006an abiatu zuen Kyoto Etxebizitzak programa. Geroztik, Nafarroako 600 etxebizitzak baino gehiagok bat egin dute egitasmo honekin.