SUTEAREN AFERA. «Legez, sutea egon den tokian ezin da 30 urtez lurra birkalifikatu. Eta hau bai enpresak eta bai Udalak ere aski ongi dakite»
Aroztegia... eta gero zer? plataforma
Lekarozko Aroztegia Jauregia alderdian golf zelaia, hotela eta urbanizazioa egiteko Udal Planaren aldaketa puntualari behin betiko onespena eman dio Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Sailak. Palacio de Aroztegia S.L.k sustatutako espedientea da, Udalak Gobernuan aurkeztua.
Halere, Gobernuak agindu duenez, «sektoreko urbanizazio proiektuan eta plan partzialean Lekarozko eta Elizondoko herriguneetara joateko oinezkoendako bideak definituko dira eta horien aurrekontua eginen da. Elizondokoaren kasuan, egin behar den saihesbidearekin gurutzatzeko konponbidea azaldu beharko da, Herri Lan Zuzendaritza Nagusiak egiten dituen zehaztapenei jarraikiz». Beraz, Lekaroz eta Elizondoren arteko oinezkoendako bidea eta etorkizuneko saihesbidea gurutzatzeko konponbidea promotorearen esku geldituko dira.
Plataformaren balorazioa
Azken berriaren aitzinean, Aroztegia... eta gero zer? plataformak «NaBaik eta UPNk berriro ere bat egin dutela» kritikatu du prentsara igorritako oharrean: «Baztanen eredu ekonomiko espekulatzaile eta suntsitzailea bultzatzeko» bat egin izana leporatu die «non guttiengo baten interesak defendatzen diren, herritarren gehiengoaren erabakia defendatu beharrean». Taldearen irudiko, eredu horrek «Baztango ekonomia eta baliabideak agortzera eramaten du, hurrengo belaunaldiei etorkizuna lapurtuz».
Udalaren jarrera ere salatu du: «proiektu hau aurkeztu zenetik ez dio herriari azaldu zeintzuk diren proiektu hau aurrera eramateko arrazoiak, ezta norentzat izanen diren ere Udal Planetik kanpo Lekarozen egin nahi diren 252 etxebizitzak». Aldi berean, NaBairen «hipokresia» ere kritikatu du, «oposizioan dagoen tokietan Aroztegia bezalako pelotazo urbanistikoen aurka agertu baita».
Proiektuak «akats eta gabezia aunitz» dituelakoan daude plataforman eta alegazioak aurkeztuko dituztela ere jakinarazi dute. «Irregulartasunen» artean, sutearen afera aipatu dute: «legez, sutea egon den tokian ezin da 30 urtez lurra birkalifikatu. Eta hau, bai enpresak eta bai Udalak ere aski ongi dakite». Proiektuaren kontrako alegazioetan bildua dago hori eta «alegazioei emandako erantzunean Udalak Nafarroako Gobernuari sutearen informazioa eskatu diola dio», ageri da oharrean. Gaineratu duenez, «Nafarroako Larrialdi Agentziara egindako eskaeraren erantzunean, 2005eko martxoaren 23an Aroztegia parajean izandako sutearen berri ematen du, partzelaren zenbakia zehaztu gabe. Hau jakinda, Udalak sutearen leku zehatza zein den jakiteko egin beharreko gestioak egin beharrean ezjakintasuna alegatu eta parte hau espedientetik kanpo uztea erabaki du».
Plataformak sute honen tokia Nafarroako Ingurumen Departamenduan egindako eskaera baten bitartez lortu duela ere adierazi du: «etxebizitzak egin nahi diren partzelan izan zen sutea». Informazioa plataformak Udalari helarazi arren, «Udalak proiektuarekin aitzinera segitzea erabaki du, legea betetzeari muzin eginez».