Aurten ere egitarau zabala prestatu dute urriaren 29rako eta 30erako Elizondon Udazkeneko Feria ospatzeko. Egun handian, ortziralean, azienda feria eginen da eta horretan, Burgete eta Jaka arrazako behor eta zaldiak, behiak, euskal zerriak, astoak, ardiak eta bertze zenbait azienda ikusiko dira Merkatuko Plazan. Aipatzekoa da, horietako batzuk plazaraino kamioietan eraman beharrean, oinez ailegatuko direla, joan den urtean bezalaxe, “lehengo moduan egiteko”. Makineria erakusketa ere eginen da, nekazari eta abeltzainek bere lana errazago egiteko merkaturatu diren azken tresnak ikus dezaten. Andoni Egaña eta Julio Soto ariko dira bertsotan. 11:00 aldera, Euskal Zerriaren dastaketa eginen da. Bertako zerria ekoizten duten abeltzainek, haragia erre eta probatzera emanen dute, euro batean salduko diren pintxoetan, baso bat ardorekin.
Udazkeneko Feria indartzeko lanean ari dira Elizondon azkeneko urteetan, eta hori, “gan den urteko azienda kopuruaren gorakadan” somatu zela aipatu digu Xabi Torres alkateak. “Aipagarria da Baztango nekazariek egiten duten lana. Egia da garraioa ordaintzen diegula, baina beraien lanik gabe ezinezkoa izanen zen feria egitea, laguntza handia eskaintzen daukute eta eskerrak eman behar zaizkie”.
Arratsaldean pilota jaialdi handia eta arratsean dantzaldia
Arratsaldeko 17:00 aldera, profesionalen arteko pilota partida ikusgarriak izanen dira pilotalekuan. Lehenik, bigarren mailako lau terdiko txapelketako kanporaketa jokatuko dute Jon Apezetxea goizuetarrak eta Merino II.ak. Ondotik, partida nagusian, Martinez de Irujo eta Laskurain, Titin III eta Zubietaren kontra ariko dira. Ortziral arratsean, lehen aldiz dantzaldia izanen da plazan eta horrek giroa berotzen lagunduko du. Bai ortziralean, baita larunbatean ere, egun osoan merkatua izanen da Elizondoko karriketatik barna. Dena den, aurtengoan obren ondorioz aldaketak izan direlako, Jaime Urrutia karrika ahalik eta libreen uzteko intentzioa dute eta postu aunitz laxo plazara eramanen dituzte, nekazaritza makineriaren erakusketa egiten den inguru horretara.
Hain zuzen, postuen salmenta izaten da Elizondoko herriaren urteko diru-sarrera garrantzitsuenetako bat. “Gan den urtean metro lineala 18 eurotan saldu genuen –erran digu Xabi Torresek– eta berrehun postu baino gehiago izanen ziren. Diru sarrera handienetakoa da herriarendako”.