Jo ala Jo elkarteak hamekagarren urtez antolatutako Kirikoketa besta egin zen urriaren 23an, larunbatean, Arizkunen. Gamioxarreko XVII. mendeko dolarearen inguruan, hainbat ekitaldi prestatuak zituzten egun osoan, garai bateko sagardoa egiteko modua berreskuratu bidenabarkoan, giro ederra jartzeko.
Aurtengoan 2.000 kilo sagar zituzten jotzeko, Baztangoak (Zigaurre, Elizondo eta Gamioxarreatik hurbileko sagarrondoetakoak) eta Iparraldekoak, Patxi Larraldek jakinarazi zuenez.
Xabier Torres elizondarrak aipatu zuenez, “garai batean bortz dolare zeuden Arizkunen, baina Gamioxarreko hau bakarrik mantentzen da. Gainera, berezia da, zola harlauzaz egindakoa baita eta gainera, neurri handikoa”.
Larunbatean, sagarra xehatzen eta jotzen gogotik lan egin ondotik, Gamioxarrera hurbildutakoek muztioa dastatzeko modua izan zuten eta gero, kupeletan sartu zen edaria, denborarekin sagardo bihur dadin.
Eguerdia eta gero, gaiteroen doinuen eta dantzarien laguntzaz, sagar gehiago ekarri zuten, astoak garraiatzen zuen organ.
Bazkalondoan, Faltzes, Sara, Errotxakun eta Sestaoko txalapartariak aritu ziren eta gauez kontzertuak izan ziren Petti, On Benito eta Sestao Tx taldeekin.