1942an eman zituen lehen pausoak Elizondoko helduen abesbatzak. Koru ospetsua izan zen eta Juan Eraso zuzendari zela, kanpoan ere saio aunitz eman zituen: Frantzia, Belgika, Austria, Britaina Handia... Urteekin, ordea, martxa galtzen joan zen, 2004an abesbatza berritua sortu zen arte. Orain astelehenero egiten dituzte entsaioak Elizondoko Arizkunenean (21:00). Baina, badute bertze erronka bat ere: iaz sortu zuten Elizondoko koru ttikiari segida ematea. Hauek astearteetan biltzen dira Arizkunenean (17:30).
HELBURUAK
«Musika eta letrak ikasteaz gain, bertze gauzak ere landu nahi ditugu; espresioa, adibidez: ez delako era berdinean kantatzen Olentzero buru haundia edo amari eskainitako kanta bat. Hori transmititzen ere saiatzen gara»
Zein egoeratan dago helduen korua?
2004an Isabel Lacar zuzendari sartu zenean, berritze lan gogorrari ekin zion eta etapa berri honetako bere lehen kontzertua 2005ean eskaini zuen. Geroztik indartzen joan da eta bozpasei laguneko taldea izatetik 30ekoa izatera pasatu da. Baina jende berria sartzea nahi dugu. Urte hauetan inguruan, Lekunberrin, Iruñean, Irunen eta Madrilen saioak izan ditu.
Nork osatzen duzue helduen korua?
Kasik denak baztandarrak gara, baina batzuetan Giltzarri abesbatzatik, Iruñetik edo Doneztebetik ere etorri izan dira. Korua zonaldeko edozeinentzat irekia dago.
Nolatan pentsatu zenuten ttikien abesbatza osatzea?
Helduen abesbatzak harrobia behar zuela eta, aspaldi genuen ttikien taldea sortzeko asmoa, hortik aterata ea koru haundian norbait sartzen ote zen. Hori izan zen hasierako helburua, baina horrekin batera, eurek ongi pasatzea ere nahi dugu.
Zer moduz joan zen aitzineko ikasturtea?
Hasiera hartan arrakasta haundia izan genuen eta 30 bat haur bildu ziren. Lehendabiziko kontzertua urtarrilean eskaini genuen. Zazpi kanta ikasi eta haiekin atera ginen. Ikasturte bukaeran bertze osatuago bat egin genuen, eta zahar-etxetik ere deitu ziguten kantatzera joateko eskatuz.
Nolako errepertorioa izaten duzue?
Denetarik eta edozein hizkuntzatan aritzen gara. Hizkuntza baino gehiago, gustatzen zaigun kanta bat kantatzea da kontua. Haurrek erraz ikasten dituzte eta iaz, adibidez, bozpasei hizkuntzatan kantatu genuen.
Denboraldi honetan guttiago apuntatzeko zer gertatu da?
Joan den urtean, gauza berria zenez, zer zen ikusteko hasi ziren aunitz. Guretako arras polita da, baina gustatu egin behar da eta beraien kasuan berdin. Horrez gain, eskolaz kanpoko ekintza aunitz dituzte eta 12 urtekoek haurrekin kantatzeko haundituak direla ikusten dute eta helduekin hasteko haurrak direla. Gainera ez dugu edozein modutan kantatzea nahi. Musika eta letrak ikasteaz gain, bertze gauzak ere landu nahi ditugu; espresioa, adibidez: ez delako era berdinean kantatzen Olentzero buru haundia edo amari eskainitako kanta bat. Hori transmititzen saiatzen gara.
Zein dira Elizondoko koru ttikiko kideak?
6-7 urtetik 12 urte arteko 15 bat haurrek osatzen dute. Elizondokoak dira gehienak, baina badira Oronoz, Gartzain eta Iruritakoak ere. Egia da Elizondon herrian dutela, eta horrek lagundu egiten duela. Herrietatik mugitzeak esfortzua eskatzen du eta ez baduzu arras garbi nahi duzula...
Nola ikusten duzue etorkizuna?
Helduen koruak etorkizuna izanen duelakoan gaude, baina horretarako lan egin behar da eta haurrenak ere espero dugu izatea. Bada jendea kantatzea gustatu bai, baina abesbatzan hastera ausartzen ez dena, bertze maila bat behar dela uste duelako. Baina ez da hala, gehienok ez dakigu deus musikaz eta afizioa izatea eta entsaioetara joatea da kontua. Kantatzea gustuko dutenak probatzera animatu nahi ditugu, haur eta helduak. Entsaioak ikustera ere etor daitezke.
Heldu diren hilabeteetan saiorik baduzue?
Helduek abenduaren 3an Elizondon kontzertua eskainiko dute. Ttikiekin oraindik ez dugu saiorik aurreikusi, baina bertze ikastetxeekin topaketa bat egitea pentsatua dugu eta ateraldi bat ere bai.