«Aurten behor aunitz ekartzekoak dira, Elizondoko feria indartu asmoz»

TTIPI-TTAPA 2010eko urriaren 14a

Artxiboko argazkia

Azken urteetan ez dute hutsik egiten Elizondoko Udazkeneko Ferietan Azpilkuetako Arribiltoa auzoko Fermin Barazabalen behiek. “Egia errateko, hobbi modura edukitzen ditut gehien bat pirenaika arrazako behi guti batzuk, eta belagiak sasiak ez hartzeko” dio. Hori bai, behiak bakarrik kontzen ditu, Ameriketan pasatu zituen bederatzi urteetan ardiekin aspertuta nonbait: “Lau urte egin nituen artzain Kalifornian eta gero karreteran aritu nintzen. Ez nuen penarik izan gaterakoan, ezta bueltatu nintzenean ere, gustora gan eta gustora etorri nintzen”. 1975ean bueltatu zen Azpilkuetara eta geroztik herriko alkate ere izan da Barazabal.
Pirenaika arrazako behiak izatearen arrazoia garbi dauka Bizarrenekoak: “Neretako bertzeak baino ederragoak dira, eta kuidado gutixeago behar dutela diote, baina hauek ere badute bere lana”. Haragitarako erabiltzen dira behi hauek eta alde horretatik, bertze arrazakoak baino produkzio handiagorik dutenik ez du uste.
Udazkeneko feriara ez ezik, azkeneko urteetan Elizondon egin den estatu mailako piriniar arrazako lehiaketa eta enkantera ere eraman ditu bere behiak aspaldiko urteetan. Hainbertze azienden artean, “behi ederrak badira, bai, baina baita plazara sekulan eraman beharko ez liratekeenak azienda aunitz ere. Denetarik bada”.
Lehiaketaz aparte, enkantea ere egiten da egun horretan, baina azken aldian ez du arrakasta handirik izaten. Hamabi behi atera ziren subastara, 2.300 euroko hasierako prezioarekin, baina hiru bertzerik ez ziren saldu. Saltzeko atera ziren bertze 50 bat aretze eta 12 zezen, baina azken hauek ez zuten batere arrakastarik izan. Kopuru horiek, sektoreak bizi duen krisia ongi islatzen dutela uste du Fermin Barazabalek. “Sektorea motel dago –dio–, hori garbi dago. Duela hiru-lau urtera arte subentzioa izaten zen, baina kendu egin zuten eta orai subentziorik ez da. Hori somatzen da. Aziendekin bizi ahal izateko azienda aunitz behar dituzu, ez da lehen bezala. Baserritik bizitzeko lan aunitze egin behar da”.
Desagertzeaz egon zen pirenaika arrazako behia. 1970. hamarkadan 1.500 bat buru gelditzen ziren Aezkoan, baina orai 23.000 azienda daude, izena ematen dion mendi-lerro osoan (Euskal Herria, Aragoi, eta Katalunian). “Orai aunitz ikusten da behi klase hau” aipatu digu Barazabalek.
Udazkeneko feriara bueltatuz, oraindik ere tratuak egiten direla aipatu digu azpilkuetarrak: “Saldu egin ditugu behi batzuk, prezioa aunitz aldatzen da, baina saltzen dugunontzat bajuak dira beti”.
Urriaren 29an eginen den feriari dagokionez, “aurten behor aunitz ekartzekoak dira, ehun bat, erakusketa egiteko. Feria indartzeko baliagarria izanen da” erran digu Ferminek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun