Mari Joxe Alaña lehendakaria, Mikel Sobrino lehendakariordea eta Blanki Letona diruzainarekin batera, Juanjo Leiza idazkaria, eta Miguel Quevedo, Joxe Mari Ursuegi eta Bernardette Bertiz sartu ziren joan den urte hondarrean Bertan, Baztango Merkartari eta Zerbitzuen Elkarteko zuzendaritza batzordean. Baina abenduan berriz ere berrituko dute junta eta hiru lehenbizikoek karguak utzi eta bertze hiru lagun berri sartuko dira. Izan ere, mugimendu handiko elkartea da Bertan eta 80 komertzio eta zerbitzu biltzen ditu bere baitan. “Momentu honetan eskuartean dugun gauzarik garrantzitsuena eskualdeko 4 elkarteek elkarlanean gauzak egiteko nahia dugu eta Eguberrietarako elkarrekin zerbait egin nahi genuko eskualdeko komertzio ttikia elkarturik dagoela erakusteko eta gure bertuteak erakusteko” aipatu digu Mikel Sobrino lehendakariordeak. Izan ere, joan den urtetik hasita, Bera, Doneztebe eta Lesakako elkarteekin batera elkarlanean ari da Bertan elkartea.
Ortziral honetan, urriaren 15ean, bazkideen batzarra egitekoa dira eta udazken-negu parterako egin gogo dituzten kanpainak ere hortxe erabakiko dituzte. Dena dela, Sobrinok aitzindu digunez, “bertzenaz, beti bezala Eguberriei begira egutegia, oparien kanpaina eta herriak apaintzeko zerbaiten bila gabiltza”. Arraiozko Nafar Mendi merkataritza gune berriak Elizondon izan duen eragina ez dute oraindik sakon aztertu. “Denbora zailak dira krisiaren ondorioz eta honek lagundu, sorik, ez du eginen baina ez dugu daturik” aipatu digu Sobrinok.
Gainerakoan, urte osoan ekitaldiak antolatzen ari da Bertan elkartea. Udaberri aldean, “Baztan Erosi Fite” kanpaina egin zuten bezeroen artean eta Elena Urtasun suertatu zen irabazle. Ekainaren 19ko goizean, 2.000 euroko erosketak egin zituen elkarteko dendetan. Abuztuaren 7ko Bertan Egunean, komertzioak karrikara ateratzeaz gain, II. Argazki lehiaketako sariak banatu ziren.
2011ko egutegia prestatzeko, II. Argazki Lehiaketa irabazi du Juan Karlos Olaetxeak
Bertan II. Argazki Lehiaketa ere egin da aurten, iaz bezalaxe, Baztango natura gai hartuta. 2011ko egutegirako argazkiak lortzeko egin zen lehiaketa eta 400, 200 eta 100 euroko sariak banatu zituzten, elkarteko edozein dendetan erosketak eginez gastatzeko. Lehenbiziko saria, iaz bezala, Juan Karlos Olaetxea beratarrarentzat izan zen, bigarrena Erratzuko Mitxel Etxenikerentzat eta hirugarrenaJuan Lameirinhas elizondarrarentzat. Horiek eta bertze argazki guztiak abuztuaren 7an egin zuten Bertan Egunean ikusgai paratu zituzten eta orduantxe jaso zituzten sariak, Bertan elkarteko Miguel Quevedo eta Mari Joxe Alañaren eskutik. Baina udan ikusi ez zutenek, oraindik ere udazkenean izanen dute argazkiak ikusteko aukera. Arizkunenean lehiaketara aurkeztutako argazkien erakusketa egitekoa da datozen asteetan.