916.765 euro kostako da Almandozko zeharbidea berritzea eta horietatik 714.790 euro Nafarroako Gobernuak bideratuko ditu. Hala hitzartu zuten irailaren 29an Laura Alba Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak eta Virginia Aleman alkateak eta Santi Aldako alkateordeak Udalaren izenean.
Nafarroako Gobernuko bi departamentuk emanen dute dirulaguntza: 463.487 euro Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak paratuko ditu; eta gainerako 251.303 euroak Toki Administrazioko Departamentuak paratuko ditu 2009-2012ko Toki Azpiegituren Planaren bitartez (sareen berritze lanak).
Hitzarmenaren arabera, Udalaren esku geldituko da obraren kontratazioa eta zuzendaritza, eta lanak egiteko behar diren ondasun eta eskubideez ere berak arduratu beharko du.
500 metroko zatian eginen dira lanak eta bereziki zoladura berrituko da. Horrekin batera, elektrizitate, telefono eta argiteria publikoaren kanalizazioak ere zaharberrituko dira. Bidearen gehieneko zabalera zazpi metrokoa izanen da, eta bi aldeetan espaloiak izanen ditu.