KANTUZALETASUNA
«Gaztelu Taldeak musika euskalduna baina modu serioagoan eta landuan egiten du. Talde Basak, aldiz, besta giroan»
«Afizioa eta gogoa izanez gero, kantatzeko edozeinek balio du»
Juan Mari ALEMAN | Amaiurko kantuzalea
Euskaldunak betidanik izan du kanturako zaletasuna. Eta afizio hori abesbatzetan parte hartuz asetzen dute batzuek, eta mahai inguruan kantatuz, bertzeek. Baztanen, erraterako, hortxe dago urteetan Elizondoko Abesbatza. Baina horrez gain, badira kantuzaletasunaren bertze adibide batzuk ere: Gaztelu Taldea eta Talde Basa. Biak ere Amaiurkoak, baina Baztango bertze herrietako jendea ere mugitzen dutenak. Bien funtzionamendua desberdina izan arren, baten zein bertzearen helburua euskal kantak abestuz «ongi pasatu eta gozatzea» da. Halaxe adierazi digu Juan Mari Aleman amaiurtarrak, bi taldeetako kide denak.
Gaztelu Taldea
Euskal kantak hiru ahotsetara abesten dituen Gaztelu Taldea duela 14 bat urte sortu zen. Eta hasieratik izan zuen harrera ona herrian. Denborarekin, halere, aldaketak izan ditu: «taldea hasi zenean gehienak amaiurtarrak ginen, eta orain hiru bertzerik ez gara eta gainerakoak Baztango bertze herrietakoak dira», azaldu digu Alemanek. Gaur egun, zuzendariaz gain, 36 urtetik 60 urte bitarteko Amaiur, Erratzu, Elbete, Elizondo, Aniz eta Berroetako 18 kidek osatzen dute taldea.
Asteazkenero egiten dute hitzordua, 21:30ean Gaztelu Elkartean. Eta asteroko entseguez gain, herriko bestetan emanaldi ttiki bat eskaintzen dute. Ondoko herrietan eta «tarteka urrunxeago» ere saioak eskaintzen omen dituzte: «Baztango herri batzuetan, Baigorrin (Nafarroa Beherea), Aldude (Nafarroa Beherea), Hondarribia (Gipuzkoa), Donostia, Antzuola (Gipuzkoa)...
Talde basa
Izenetik antzeman daitekeen bezala, Talde Basa ez da Gaztelu Taldea bezain «serioa». «Bi estilo jorratzen dituzte», dio amaiurtarrak: «Gaztelu Taldeak musika euskalduna baina modu serioagoan eta landuan egiten du. Talde Basak, aldiz, besta giroan».
Kontatu digunez, «otordu batzuetan elkartu eta mahai inguruan kantatzen» aritzen dira Talde Basakoak, ahots batera edo gehienez bi ahotsetara. «Ongi pasatzen dugu», gaineratu du. Orain 7 urte inguru sortu zen eta 25 urtetik 48 urte bitarteko Amaiur eta Elizondoko 12 lagunek osatzen dute, zuzendaririk gabe. Elizondoko Ferien ondoko ortziralean hasi eta apirileko azken ortziralera arte, 22:00etan Gaztelu Elkartean afaldu eta ondotik kantari aritzen dira.
Ibili izan dira herritik kanpo ere, hala nola, Baztango bertze herrietan, Bankan (Nafarroa Beherea), Saran, Urdazubin... Baina badute negu partean hutsik egiten ez duten bertze hitzordu berezi bat ere: zerri-hiltzea. «Euskal zerri bat hiltzen dugu Amaiurko Salaberriko Bordan, Bittor Jauregik –Talde Basako kidea– hazitakoa. Modu tradizionalean hiltzen da, odolkiak, iratzearekin erre, anisa eta gailetak... Zerri puskak lehendabiziko barrideei banatu...», adierazi digu Alemanek.
Denetariko kantak
Baztan-Baigorri kanten liburuxkatik hartutako abestiak aukeratzen dituzte, zaharrak batzuk, berriak bertzeak, ezagunak gehienak eta hain ezagunak ez direnak bertzeak, baina Amaiurkoaren irudiko, denak ere «arras politak».
Euskal kantak abestea gogoko duenari ere luzatu dio aholkua: «talde batean parte hartu eta kantuarekin goza dezala. Gero ikusiko du giroa, estiloa, kanta motak... zein gustatzen zaion gehien edo zeinetan gozatzen duen gehien. Juanito Erasok erraten zuen bezala, kantatzen duten herriak bizi dira». Eta kantatzea «terapia ona» delakoan dago, «gure bizimoduan ditugun arazo guziak lasaitzeko. Afizioa eta gogoa izanez gero, kantatzeko edozeinek balio du».
Gonbidapena gustukoa izanez gero, hitzordua Amaiurren.