Ezusteko desatsegina izan zuen urriaren 12an Amaiurko Alkurruntz inguruan zebilen ehiztari batek: hegazkin baten aztarnak aurkitu zituen, sakabanatuta. Abisua eman eta larrialdi zerbitzuak heldu zirenean, ezbeharraren larritasunaz jabetu ziren: hainbat zatitan suntsitutako hegazkin arin bat zen, pribatua, eta barruan zihoazen hiru pertsonak hilda zeuden. Frantziako matrikuladuna zen hegazkin arina, eta Hondarribiko aireportuan zuen jarrita helmuga. Han erregai depositua bete eta Salamancara bidean segitzeko asmoa zuten bidaiariek. Hirurak gizonezko frantziarrak ziren. Nafarroako Gobernuko informazio iturrien arabera, Afrikarako dirua lortzeko rally batean parte hartzen ari zen hegazkina, beste hamalaurekin batera. Afrikako eskola sistema hobetzeko baliabideak lortzea du ekimenak xede. Frantziatik abiatu, eta Senegalera iristea da, rallyaren helburua.
Guardia Zibilak eta Foruzaingoak berehala ikerketa abiatu zuten. Ezbeharra gertatu zen ingurua itxi eta airekoaren istripuaren zergatia eman zezaketen zantzuen bila ibili ziren arratsalde osoan. Hegazkinak mendi magal baten kontra jo zuela jakinarazi dute, baina aski informazio ez dute oraindik ere istripua zerk eragin zuen jakiteko. Nolanahi ere, oraingoz lantzen ari diren hipotesien artean, behelaino itxiarena dago. Ezbeharra Otsondoko gaineko ezkerraldean jazo zen, aski leku malkarrean, eta ez zen erraza izan larrialdi zerbitzuentzat ikerketa hasteko lanak abiatzea eta gorpuzkinak bertatik ateratzea. Oronozko suhiltzaileek eta Elizondoko osasun profesionalek parte hartu zuten, Poliziarekin batera, egin ziren lanetan. Deia izan berritan, lehendabiziko lanetan, Nafarroako Gobernuko helikoptero bat ere erabili zuten. Hegazkineko bidaiariren bat bizirik egon zitekeen esperantzan bertaratu ziren hasiera batean larrialdi zerbitzuak, baina berehala jabetu ziren ezbeharraren ondorio larriez.
Albistearen berri izan eta berehala Frantziak Espainian duen kontsulak Iruñerako bidea hartu zuen atzo. Hiru hilotzak ere bertan dira, autopsia egitera eraman baitzituzten. Hiru hildakoak Frantziakoak zirenez, haien gertukoei arreta egokia emateko bertaratu da kontsula, eta egin beharreko urratsetan Nafarroako Gobernuko eta Espainiako agintariekin batera jarduteko.