Anizko Arrosarioko Amabirjinaren bestak urriaren 2tik 5era ospatuko dira

TTIPI TTAPA 2010eko urriaren 1a

Larunbatean baztan zopak, igandean afaria, astelehenean xinger jatea… mahai inguruan ere ospatzen dira bestak. TTIPI TTAPA

Euskal Herriko harri-jasotzaileen finala jokatuko da igande arratsaldean

Urriaren 2an, larunbat eguerdiko 12:00etan eginen den ezkil jotzearekin eta altxaferoekin abiatuko dira Anizko Arrosarioko Amabirjinaren bestak. Igandean, egun handian, Euskal Herriko harrijasotze txapelketa jokatuko da, astelehenean Adiskidetasun Eguna ospatuko dute eta astertean, godaldu ondotik herria garbituz akituko dira bestak.

Urriaren 2an, larunbat eguerdiko 12:00etan eginen den ezkil jotzearekin eta altxaferoekin abiatuko dira Anizko Arrosarioko Amabirjinaren bestak. 14:00etan haurrendako bazkaria izanen da. 16:00etan puzgarriak. 18:00etan txokolate jatea. 20:45ean Baztan Zopak eskainiko da. Ondotik dantzaldia izanen da eta akitzeko xinger jatea.

 

Euskal Herriko harrijasotze txapelketa igande arratsaldean

Urriaren 3an, igandean, Arrosarioko Amabirjinaren Egun handia ospatuko dute. 11:30ean argisoinuak izanen dira. 12:00etan Meza Nagusia. 13:00etan otordua eginen da. 18:00etan Euskal Herriko harri txikietako harrijasotze txapelketaren finala jokatuko da. Hasieran Izeta III.a aritzekoa baldin bazen ere, azkenean hiru harrijasotzaile bertzerik ez dira izanen lehian, hiruak gipuzkoarrak: Hodei Iruretagoiena Izeta IV zarauztarra, Aimar Irigoien errezildarra eta Joseba Ostolaza zestoarra. 125 kiloko koadroarekin, 125eko zilindro-koparekin, 112,5 kiloko kuboarekin eta 100 kiloko bolarekin ariko dira, harri bakoitzarekin hiru minutuko txandak eginez. Azkeneko hiru txapelketak Aimar Irigoienek irabazi ditu erreskadan.

Harrijasotzaileen saioaren ondotik dantzaldia izanen da eta akabailan afaria.

 

Adiskidetasun Eguna astelehenean

Urriaren 4an, astelehenean, Adiskidetasun Eguna ospatuko dute aniztarrek. 10:00etan gosaria izanen da. 11:00etan mus txapelketa. 14:00etan zikiro jatea, Joxe Anjel akordeoilariak alaitua. 17:00etan ginkana. 21:00etan xinger jatea eta akitzeko Gizajoa Ni.

Halere, asteartean, goizeko 10:00etako gosariaren ondotik eginen den herri garbitzearekin akituko dira bestak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun