Elizondoko Foru Plazako lanek aitzinera segitzen dute. Bi zatitan egiten ari dira obrak eta lehendabiziko fasean, plaza urbanizatu eta itxuraldatzekoa da. Udalak TTIPI-TTAPAri jakinarazi dionez, zati hau akitzear dago.
Bigarren zatian, berriz, Foru Plazan eraikitzekoa den udal eraikina eginen da eta fase hau ere martxan dagoela adierazi dute Udaletik. Udal eraikinaren obrak adjudikatzeko kontratazio mahaia abuztuaren 31n osatu zen eta bortz enpresa aurkeztu ziren. Bakoitzaren eskaintzak aztertu ondotik, kontratazio mahaiaren proposamena lanak Mariezkurrena enpresari esleitzea izan zen, 599.999,99 eurotan eta lanak egiteko lau hilabeteko epearekin. Dena den, behin behitiko esleipena egiteko, urrian eginen den hurrengo Udalbatzak oniritzia eman beharko dio kontratazio mahaiak proposatutakoari.
Eraikina egin ondotik, hirugarren fasea geldituko da, 234.000 euroko aurrekontua duena. Honetan, altzariak paratu eta bertzelako osagarriak (elektrizitate eta argiteri-sistemak, berogailua...) eginen dira.
Bi solairuko eraikina
Erabilera anitzeko eraikina izanen da Foru Plazan eginen dena, Doarq arkitektura estudioek diseinatua. Bi solairu izanen ditu eta eraikitako 450 metro koadro edukiko ditu.
150 metro koadro izanen dituen beheko solairuan, sarreraz gain, ezker aldean turismo bulegoa joanen da. Eta bertze aldean, kultura eta kirol sailak kokatuko dira. Lehendabiziko solairuak eraikitako 350 metro koadro izanen ditu eta bake epaitegiak, erabilera anitzeko bulegoa, bilera gela eta egongela izanen ditu. Bi terraza ere eginen dira.
Bi solairuetan komunak, biltegiak eta instalazioen gelak izanen dira, bertzeak bertze.
Aipatu, bertzalde, hasiera batean izan behar zen proiektua, ideien lehiaketan irabazitakoa, alegia, baztertu eta proiektu berri bat egin duela Doarq arkitektura enpresak.