Elizondoko Foru Plazan egin gogo den erabilera anitzeko eraikina egiteko lanak Construcciones Mariezkurrena enpresak eginen du. Baztango Udalak deitutako lehiaketara bortz enpresa aurkeztu ziren eta Doneztebekoak lortu zuen puntuaziorik altuena. Lanen kontrataziorako aurrekontua 600.000 eurokoa da eta hasiera batean lanak egiteko bortz hilabeteko epea baldin bazen ere, Mariezkurrenak lau hilabetetan eginen omen du. Beraz, 2011 urte hasierarako akitua egon daiteke eraikina.
Eraikina, bere garaian Kortea edo Ardandegia zegoen lekuan kokatuko da. Duela 25 bat urte bota zuten etxe hori eta geroztik aparkaleku gisara erabili da nahiko eskutik utzia zegoen eremua. Orain, moldaketa lanen bigarren fasean eginen da eraikin berria. Lanen lehenbiziko fasea ere Mariezkurrenak egin zuen, zola berrituz eta plaza hornituz. Eraikina egin ondotik, hirugarren fasea geldituko da, 234.000 euroko aurrekontua duena. Honetan, altzariak jarri eta bertzelako osagarriak (elektrizitate eta argiteri-sistemak, berogailua eta gisakoak) eginen dira.