«Aurtengo indusketa lanen emaitza bisitariarentzat ikusgarriagoa da»

Gurutze Pikabea / Amaiur 2010eko irailaren 16a

Juantxo Agirre Mauleon, Amaiurren indusketetan aritu den lantaldea gibelean duela. Utzitako argazkia

Bortz urte pasatu dira Aranzadi Zientzia Elkar­tea Amaiurko Gazteluan indusketa lanak egiten hasi zenetik. Geroztik, abuzturo lanean aritu da herritarren lagun­tzarekin eta Udalbide eta Baz­tan­go Uda­laren dirulaguntzarekin. Hain­­bat izan dira egindako aurkikuntzak, tartean XIV. mende hasierako materialak eta Fran­­co garaiko bunkerrak. Juantxo Agirre Mau­leon Aranza­diko kide eta Amaiurko indusketa lanen arduradunak hasierako aurreikuspenak gainditu dituztela adierazi digu eta aurten­go emaitza ikusgarriagoa dela ziurtatu.

 

IKUSGARRIA

«Lehenengo aldiz, Gaztelura jatorrizko bidetik sartu daiteke. Orain arte, XX. mendeko pista aldapatsu batetik igo izan gara. Harresi guztien gainetik egina zegoen eta hori kentzean, azpian, harresiaren paretak eta hondakinak azaldu dira, eta Gazteluak bere ikusgarritasun guztia hartu du»


Aurtengo aurkikuntzak ikusgarriak izan dira... 

Lehenengo aldiz, Gaztelura jatorrizko bidetik sartu daiteke. Orain arte, XX. mendeko pista aldapa­tsu ba­t­e­­tik igo izan gara. Ha­rresi guztien gainetik egina zegoen eta hori ken­­tzean, azpian, harresiaren paretak eta honda­kinak azaldu dira, eta Gaz­teluak bere ikusgarri­tasun guztia hartu du. Hortaz aparte, gaztelu batek hainbat garai izaten ditu eta Amaiurkoak bizi­tza luzea izan du, Nafarroan gutxik bezala. Duela 800 urte sortu eta 1945­era arte eraikuntzak egin dira. 1982­an berrerai­ki­­tako mo­nolitoa aipa­tuz gero, gaur egune­ra arte hainbat etapa egon direla esan dezakegu. 

Zein aurkikuntza egin dira?

Bost urtez arakatu on­do­tik, gaur egun fase guztiak ikus daitezke. 1635­eko baluartearen diamente punta bat osorik aurki­tu eta mugatu dugu. XVI. mende hasieran espaino­lek eraikitako beste baluarte bat ere bai, eta horien barruan, Erdi Aroko bigarren harresiaren bi dorreak bistan utzi ditugu, baita tarteko harresia ere. Barruan, XIV. mende­ko harresia bere bost dorreekin eta sarrera bat bistan gelditu dira. Aztarnategi honek hainbat fase ditu bistan eta orain seina­lizazioari ekin behar diogu. Aurten batez ere garbiketa sakonak egitekoak ginen, harresiak eta egiturak bistan utzi eta za­harberritzeko, baina gure sopresarako harri batzuen azpian, XVI.mende hasierako zenbait aztarna agertu dira. Ikusga­rriena 1,1 metroko ezpata oso bat izan da, baita zeramika zatitxoak eta 14 kilo inguruko kainoi bolak ere. Aparteko materia­lak dira, eta 1521 eta 1522­ko gertaerekin lo­tu­ta daudela uste dugu.

Nola bizi dituzte herritarrek aurkikuntzak? 

Lanen bilakaera zuzenean ikusi dute herritarrek, eurek ere parte-hartzaileak izan direlako. Ez dute ezagutzen orain arte ze­goen mendia, erabat aldatu delako, eta lehendabiziko aldiz igotzean, begiak zabaldu eta harriduraz begiratzen dute. Gauza asko dituzte eskaintzeko, baina badakite Euskal Herri osorako erreferentzia bat direla, eta beraien kultur eskain­tza horretan, Gaztelua da erreferentzia haundiena. 

Gazteluaren historia nola laburtuko zenuke? 

Erdi Aroko Gazteluaren historia Nafarroako Erresuman zeuden gainerakoen antzekoa da. Erregeek eraikitakoa da, erdi­ mailakoa –ez haundiena, ez txikiena–, eta Nafarroa­ko konkistan protagonismoa hartu zuen. Gure Erdi Aroa Nafarroako Erresumaren desagerpenarekin bukatu zen. Hortik aurrera, gaur egun arte man­tendu den muga  sortu zen Pirinioetan. Nafa­rroako konkistan protagonismoa hartu zuen, eta XVII, XVIII, XIX eta XX. mendeetan, mugatik hain gertu izanda, Espainia eta Frantziaren harreman politikoaren arabera, Gazte­luan hainbat eraikuntza egin ziren, egin eta dese­gin. Eta hori da Gaztelu honen beste ezaugarria: eraikitzeko eta apurketa prozesuak biak oso garrantzitsuak izan direla. Gaztelu honek irakurketa hori du, gauzak eraiki baina beti erortzen dira. Hor atzean gu guztion sakabanaketa dago. 

Orain zer eginen duzue? 

Udala eta herritarrekin batera, erakusketa bat pres­ta­tzen ari gara Amaiurren eta horrekin bate­ra, oina­rrizko informazioarekin argitalpen txiki bat. Negu hasierarako prest egonen dela pentsatzen dugu. Oraindik ere egiteko asko dagoenez, hurrengo urtean ere segituko dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun