Aurten berriz ere, bosgarren urtez, zehazki, Aranzadi Elkartea, Amaiurko herria eta Udala elkarlanean aritu dira Amaiurko Gazteluko indusketa lanetan.
Abuztuko lehendabiziko hamabortzaldiko lanek XIV. mendeko harresiak eta dorrea zaharberritzea izan zuten helburu, eta batez ere, harginen lana izan zen.
Betidanik zegoen mendiko pista XX. mendekoa zen, eta honen azpian XVI.-XVII. mendeko hainbat pareta agertu dira.
Bisitariak hurbilduta ikusiko duen lehendabiziko gauza Baluarteko muturra izanen da, eta ondotik barnekoaldean, XVI.mendeko ur-depositua, galeria… daude. Gibelekoaldean, berriz, Erdi Aroko gazteluaren paretak ageri dira.
Hortaz, hemendik aitzinera, jatorrizko sarbidetik sartuko gara, ondarearen aldetik izugarrizko aurkikuntza eta balio haundikoa dena ikusiz. Aurkitu diren aztarnen artean XVI. mendeko zeramikak, proiektilak eta ezpata oso bat daude.
Erran behar da, indusketa hauek Euskal Herrian egiten direnen artean, osorik euskara hutsez egiten diren bakarrak direla.