Magna enpresak Erdizen harrobi berri bat irekitzeko asmoa zabaldu zuelarik, gizarte mugimendu haundia sortu zen. Baztandarren presioa zela eta, proiektua gorde eta Zibeltin bertze harrobi bat irekitzeko pausuak hasi zen ematen. Badirudi, proiektua aitzinerat doala, baina honekin baterat, Erdizi buruzko asmoa berriz ere plazaratu da.
Magnaren Zilbetiko proiektuan, Erdizko harrobia behin eta berriz aipatzen omen da. Hau dena, Udalaz Gaindiko Plan Sektorial baten barnean kokatua dago. Alegia, Udalaren gainetik dagoen proiektua izanda Gobernuaren esku geldituko litzateke. Zilbetiko harrobiaren irekiera, une honetan behar duten materiala eskuratzeko izateaz aparte, Erdizko harrobiari bidea zabaltzeko izanen litzateke. Alderdi hau LIC edo babestutako eremua izanda ere, errazago edukiko lukete.
Berria Baztanerat ailegatu bezain fite, batzar bat antolatu zen abuztuaren 25ean. Honen berri emateaz gain, Zilbeti aldekoei laguntza eta babesa emateko. Berriki, berriz, udan jendea erlaxatzen dela aprobetxatuz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean alegazioak aurkezteko epea argitaratu dute, aste bateko epea izanik.
Helburua bai Zilbetikoa eta bai Erdizko harrobien kontra dauden guztiak elkarlanean, Nafarroako Gobernuaren aitzinean alegazioak aurkeztea da. Hortaz, batzarrean adostuta, Baztango herri guztietarat alegazioak egiteko agiriak banatzekoak ziren, aste honetan Nafarroako Gobernuko bulegoan aurkezteko.