Bertan Egunak jende aunitz bildu zuen larunbatean Elizondon

TTIPI TTAPA 2010eko abuztuaren 9a

Argazki lehiaketako saridunak eta Bertan elkarteko kideak. Ezker-eskuin, Miguel Quevedo, Mari Joxe Alaña, Mitxel Etxenike, Iratxe Otero eta Juanito Lameirinhas. Juan Mari Ondikol

Elizondoko merkatariek bere produktuak karrikara ateratzeaz gain, argazki lehiaketako sariak banatu ziren

Bertan Baztango Merkatari, Zerbitzu eta Ostalaritza elkarteak Bertan Eguna ospatu zuen larunbatean, abuztuaren 7an. Egun guzian, Jaime Urrutia karrikan elkarteko komertzioen produktuak erakusgai eta salgai izan ziren eta jende auniz ibili zen harat-honatean. Bigarren argazki lehiaketako sariak ere banatu ziren. Juan Carlos Olaetxea beratarrak eskuratu du lehen saria, 400 euroko erosketa-bonoa elkarteko 80 komertzioetako edozeinetan erosketak egiteko.

Bertan Baztango Merkatari, Zerbitzu eta Ostalaritza elkarteak Bertan Eguna ospatu zuen larunbatean, abuztuaren 7an.

Egun guzian, Jaime Urrutia karrikan elkarteko komertzioen produktuak erakusgai eta salgai izan ziren eta jende auniz ibili zen harat-honatean. Aurtengoan, Virgilio oinetako denda, Zagua kirol denda, Pottoki haur denda, Casa Ruiz, Izeta erlojudenda, Ipingi arropadenda, Kattalingorri arropadenda, Mallenea mobledenda, Quevedo ferreteria, Fantxike arropadenda, Argibel Optika, Burdain bitxidenda, Iris loredenda, Urregine bitxidenda, Belzunegi, Azken Muga, Ciaurriz harategia, Mari Cruz lentzeria, Adela janaridenda, Artesiagan Nafarpres liburudenda, Pérez mobledenda, Esarte harategia, Asun frutadenda eta Arkilanak arkitektura zerbitzuak izan ziren beraien produktuak karrikara atera zutenak.

Dendarien feriaz gain, goiz-arratsaldez ikastolako parkean haurrendako puzgarriak izan ziren eta “Txu-Txu” trena ere herrian barna ibili zen. Eguerdian “McKensy’s Clan Band” fanfarrea ibiliko da. Arratsaldean, txalaparta erakustaldiaz gain, Baztango dantzari ttikiek bertako dantzak eskaini zituzten Koralaren Plazan.

 

Argazki lehiaketa

Bertan elkarteak bigarren urtez antolatutako argazki lehiaketaren sari banaketa egin zen Ziga Margolariaren Plazan. Aurtengoan Juan Carlos Olaetxea beratarrak irabazi du lehen saria, Mitxel Etxenike erratzuarrak bigarrena eta Juan Lameirinhas elizondarrak hirugarrena. Miguel Quevedo eta Mari Joxe Alaña, Bertan elkarteko kideen eskutik eskuratu zituzten sariak.

Lehen saria 400 euroko erosketa bonoa zen, Bertan elkarteko 80 komertzioetako edozeinetan erosteko eta Olaetxearen ordez, Iratxe Oterok jaso zuen. Bigarren saria 200 euroko erosketa bonoa zen eta hirugarrena 100 euroko erosketa bonoa. Lehiaketara aurkeztu diren argazkietako batzuk Bertan elkarteak argitaratuko duen 2011ko egutegian agertuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun